Izan ere, RAP akronimoa, Rhythm And Poetry jatorritik dator, hain zuzen ‘erritmoa eta poesia’, eta euskal sortzaileon artean badira estilo musikal hau ederto jorratu dutenak.
Duela 10 urtetik hona Bad Sound System, Selektah Kolektiboa eta Glaukoma moduko bandek oihartzun nabaria izan dute. Baina lagunok, gaur egun euskal raparen eszena sekulako indarra hartzen ari da. Joan apuntatzen hurrengo izenak eta hasi Google, Youtube, iTunes edo Spotifyn beraien musika bilatzen, ze hemendik aurrera seguru nago behin baino gehiagotan entzungo dituzuela:
La Basu: ‘Izotz erregina’ disko laburrean abesti melodikoak eta letra zuzenak aurkituko dituzue. Askatasuna, herria, aurreiritziak… gai ezberdinak jorratzen ditu Elena Caballero abeslari etxebarritarrak.
Norte Apache: 2009tik 2015era bost disko argitaratu dituen hirukotea. Sestao eta Otxarkoagako errealitatean oinarritutako abesti gordinak eta argiak.
2zio: 2015eko irailean ikusi zuen argia taldearen iraupen luzeko bigarren diskoak. ‘Bideak’ izenpean, 16 kantu daude bertan. Lapurdiko hirukote honen musika eta letrak adi entzun behar dira.
Nizuri Tazuneri: Donostian jaiotako bikote musikal honek japoniar estetikan oinarritzen ditu bere bide artistikoa. Norzzone eta Faniren azken lanean (‘Gustuko’, 2017, Taupaka Elkartea) Musika ala hil abestia argitaratu dute, euskal rapean aritu diren talde edo kolektiboei omenaldia eskainiz.