Oporretan irakurtzeko liburuak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Bergara 2017ko abu. 14a, 08:10

Argazkiak: Susa, Almuzara eta Elkar

Zorionez edo zorigaitzez, udazken, neguan eta udaberrian ziztu bizian ibiltzen naiz, lanetik-etxera eta etxetik-lanera etengabeko espiralean murgilduta. Ziur nago gaur egungo gizarte hiperkonektatu honetan, zuek ere antzera ibiliko zaretela, eta gehienok, soilik udako oporretan zuentzako bakarrik diren denbora tarte preziatuak lortuko dituzuela.

Nik behintzat, uda sasoiko bi hilabete nagusi hauetan (uztaila edo garagarrilan, eta abuztuan edo agorrilan), literaturarekin patxadaz gozatzeko astia izaten dut eta era honetan, liburu berriak ezagutzeari denbora dedikatzen diot. 

Horregatik udara garaiko kultur gomendio honetan oporretan irakurtzeko hiru liburu gomendatuko dizkizuedala erabaki dut. Itsasertzean zein mendi magalean, zuhaitz baten itzalpean edota siesta bota aurretik etxeko sofan etzanda, lasai eta astiro eskuetan hartu eta lerro batetik bestera mantso irakurtzeko liburuak direlako. Goza itzazue. 

Beti oporretan (Harkaitz Cano, Susa literatura, 2015). Uda, asteburu luzea, txangoa. Opor garaian enkoadratutako pertsonaia ezberdinen bizipenekin disfrutatzeko aukera izango duzue. Malenkonia puntu berezia duten familia, bikote edota kuadrillako istorio labur ederrak.  

Tokio Cancelado (Rana Dasgupta, Almuzara, 2008). Tokiora doan hegaldia bertan behera geratzen denean, jatorri ezberdina duten bidaiariak aireportuan gaua igarotzera behartuta ikusten dira. Jatorri indiarra duen Britainia Handiko idazle honek misterioa, fantasia eta egoera arruntak bere idazlan guztietan ederki uztartzen ditu. 

Gelditu zaitezte gurekin (Ana malagon, Elkar, 2017). Hamalau ipuinekin osatutako lan berri honetan Ana Malagon idazle donostiarrak zaintzari buruzko hausnarketa egin du. Eguneroko errealitate gordinaren tantaz zipriztinduta dauden istorioak dira. Maitasunaz, familiaz, bikoteaz eta bizitza arruntaz gogoeta egiteko literatura pilula gazi-goxoak aurkituko dituzue.