Eskola publikoan dabil, seigarren mailan, eta aurten, lehenengo aldiz, bertsolaritza dute ikasgaietako bat. Pozik nago. Alaba ere bai. Uste dut harritu samar dagoela ikusita apurka-apurka bertso sinpleak sortzeko gai dela. Ez dira Xalbadorren bertsoak, ez. Kopla txikiak dira, ikasgelako kontuei buruzkoak, oso xumeak, baina beren funtzioa oso egoki betetzen dute. Pentsa, estimu handitan izan duten ordezko irakasleari agur esateko bertsoak idatzi eta kantatu zizkioten. Hunkitu egin omen zen maisua.
Bertsolaritzaren bitartez, umeek ikasten dute hizkuntza ez dela mezu soilak komunikatzeko tresna gatzik gabea, ikasten dute hizkuntza nahierara molda daitekeen organismoa dela, neurri txikira nahiz luzera ekar daiteela, errimatu daitekeela, kanta daitekeela, dibertigarria eta hunkigarria izan daitekeela. Funtzionatzen duela.
Bertsolaritza lagungarri bikaina da hizkuntzaren transmisiorako, are gehiago Bilbo bezalako eremu diglosikoan, dena beharrean gauden hiri konplexu honetan. Helburua ez da hainbeste bertsozaleak edo bertsolariak sortzea, baizik eta hiztun beregainak eraikitzea. Gaztelaniaren sedukzio etengabearen aurrean, zutabeak jaso behar ditugu. Niri ere, gaztetxotan, balio izan zidan herrian oso zabalduta zegoen erdararako joerari kontrapisua jartzeko. Balioko ahal dio alabari!