Agian ezagunak egingo zaizkizue hitz horiek. Gure On Miguel de Unamunok esan zituen 1901ean, non eta Bilbon, non eta Arriagan, non eta Lore Jokoen baitan, noren eta hainbat euskaltzaleren aurrean. Onar diezaiogun ausardia on Migueli. Ausarta —eta harroa, eta gaiztoa― izan behar baitu pertsonak hizkuntza baten desargertzea hain gordin desio izan eta adierazteko.
Ez dezagun pentsalaria desenkusatu halako petralkeria garai zaharren testuinguruan kokatu behar dela esanez. Gizon hark ondotxo zekien zer esaten ari zen. Eta denbora igaro da, baina ez gaitezen nahasi: gaur egun jende askok berdintsu pentsatzen jarraitzen du, hala esatera ausartuko ez den arren.
Baina eta hemen gaude, bistan da, ehun urte igarota, euskara bere bidean, batzuetan emari handiz, askotan ur zirrista, baina bidean, eta noranahiko.
Apiril honetan, Loraldia izenarekin, XIX. eta XX. mendeetan euskal kultura suspertzen lagundu zuten Lore Joko haiek gogoratu eta biziberrituko dira Bilbon. Hainbat ekitaldi eta emanaldi izango dira. Hurbil gaitezen hitzordu horietara Unamunoren hitz haiek irribarre batez gogoratuz eta oker zegoela berrestera. Euskaraz hitz egiten duen Bilbo baino gauza zentzuzkoagorik ez delako inoiz izan.
(Berton aldizkarian kaleratutako testua)