Azken hamarkadetan, aurrerabidearen argiak argituta, bazterrera utzita genituen bertsolerro goibel horiek, garai ilun bateko lekukotza bitxi, jendearen burua jasotzeko gai ez zen aipu orduz kanpokoa.
Krisia etorri zen gero. Eraikinetako harlauzek distiratsu jarraitu zuten, baina jende askoren hazpegiak zimeltzen hasi ziren. Beldurtu egin ginen. Beldurtu egin gaituzte. Beldur horrekin bizi gara orain.
«Askaotik Sendejara Bilbaon esperantza oso mehar, ilun eta laburra da». Zentzua hartu ote du berriro Arestiren esaldiak? Ala aterako gara? Baina nola aterako gara?
Ondo pentsatzen hasita, agian Arestiren bertsolerroek ez dute sekula zentzurik galdu, agian beti egon delako batzuen itxaropena kamustuta, eta geu ginen orain argi ikusten duguna orduan bereizten ez genekienak, aurrerabidearen argiak itsututa.
Diotenez, tunelaren amaieran gaude.
«Tunelaren amaiera».
Erdi mailako klasearentzat egindako erdipurdiko metaforei helduta bizi gara.
Irakurri Aresti. Poeta hobea da.