Nik ez dakit, hainbat arrazoi egongo dira halako prezioak jartzeko: artistaren cachéa eta antolatzaileen gastuak, besteak beste, baina argi dago ezin duela edonork ordaindu diru kopuru hori. Normalean, operako prezioez kexatzen gara, eta egia da operako txartelak oso garestiak direla. Ni behin joan naiz eta gustatu zitzaidan, baina garestia da, dudarik gabe. Hala ere, operako gastuak ulergarriagoak zaizkit: kantariak, orkestra, dekoratua, figuranteak... Baina operakoa ere, behin bakarrik izanda ere, ezin du mundu guztiak ordaindu.
Ez dut uste kulturak doakoa izan behar duenik, inondik inora ere, baina uste dut kulturak ez digula ahalegin ekonomiko apartekorik eskatu behar. Alegia, aberrantea iruditzen zait soldataren % 10-20 ordaindu behar izatea kontzertu bategatik. Ez du merezi. Ez da ordaindu behar.
Eta Van Morrisonenak barruko zerbait mugitu dit. Norbaiti irakurri diot musikari popularrak izatetik eliteentzako kontzertuak egitera igaro direla musikari izar horiek, dela Van Morrison, dela Rolling Stones, dela Bruce Springsteen. Ez zaio arrazoirik falta.
Agian Van Morrisoni gertatuko zaio duela gutxi Charles Aznavourri Donostian gertatu zaiona. Txartelen prezio estratosferikoak jarri, txartel gutxi saldu eta ihes ohoretsua ahalbidetzeko, kantari zaharra gaixo omen zegoelako kontzertua bertan behera utzi.
Sentitzen dut, Van, baina gauza bera desio dizut. Agian, horrela, apur bat zentzatuko zara.
Berton aldizkarirako idatzitako testua