Loreak, amama!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Goikoetxea 2015ko aza. 9a, 12:54

Modako dago euskal zinema. Iaz Loreak, aurten Amama; gure azkenaldiko zinemaren ikur nagusiak. Tartean, 'Lasa eta Zabala', 'Gure Sor Lekuaren bila', 'Jai Alai Blues' eta bidean omen datorren 'Dantza'.

Telmo Esnalek zuzendutakoa da azken hori, eta ezin dut esan gabe utzi haren 'Urte berri on, amona', 2011koa, bikaina iruditu zitzaidala eta Nagore Aranbururen interpretazioa, antologikoa. 

Mundu osoko jaialdietan arrakastatsu ibili da 'Loreak', eta Oscarretarako lehian sartu da Espainia ordezkatuz (ai!). Eta bihozkada bat badut, merke-zurrekoa ziurrenik, baina hor doa: uste dut, gutxienez, euskal film hori azken bederatzi sailkatuen txanpan sartuko dela. Bostekoan sartzea gehiago kostako da, baina zergatik ez?

Bide bertsua opa diogu 'Amama'-ri ere. Oso esanguratsua da Asier Altunaren filma estreinaldi osteko asteburuan Estatuko hamar film ikusienean zerrendan sartu izana. Hamargarren postuan, dena esatera, baina a zer marka! Madrildik hitz onak baino ez dira etorri 'Loreak' eta 'Amama'-rentzat. New times, good job, liluratu ditugu gaztelarrak. Ejem.

Baina gatozen bueltan gure herrira, hemen jokatzen baita, eta ez Madrilen, euskal zinemaren geroa. Gure telebista, tamalez edo, gainbehera datorren honetan (bidez batez, asko zor dio zinemak telebista publikoari, babesagatik eta), ematen du euskal ikusleak aurkitu duela bere ikusle-gosea non asetu: euskaraz egindako lanak eta, aldi berean, faktura bikainekoak, antzezpen maila altukoak, musika ederrez eta argazki zoragarriz lagundutakoak… Sortzen da ikuslearengan halako harrotasun puntu bat ere, nik uste: «Hori geuk egin dugu».

Ai, baina oso tentelak gara askotan eta gure aupadak arnas laburrekoak izaten dira sarri. Aparraldiari eutsi egin behar zaio, eta bada garaia hartzaile euskaldunok gure kulturaren euskarri kontziente izatera pasa gaitezen berriz. Erantzukizunak kolektiboak dira, ok, baina baita norbanakoenak ere.

Pijama erantzi, arropak jantzi, atera kalera eta zinemara joan. Txartela erosi.

 

Berton aldizkarirako idatzitako testua