Urte berrirako azken gomendioa

Erabiltzailearen aurpegia Josu Goikoetxea 2016ko urt. 14a, 11:43

Zergatik irakurri? Zertarako irakurri? Gaztetan ez zen galderaren beharrik: gozatzeko irakurri, dena berria baitzen, baina ez horretarako bakarrik, mundua zen anabasa atxikiezinari zentzu dosiak emateko ere bai. Munduan ez zen ezer hasi eta amaitzen, dena zen hari solte, non hasi eta non bukatzen zen asmatu ezineko hari mataza. Liburuak ziren trinko eta zentzudun.

Hala jarraitu genuen irakurle izaten, inoiz gaztetako gozamen garbi hura hatz puntekin ukituz, askotan heldutasunak ematen duen garraztasunak eraginda makina bat liburu gutxietsiz.

Ordea, badira liburu batzuk berehala harrapatzen zaituztenak, beren orrietatik “Aizu!” moduko batekin interpelatzen zaituztenak. Orain esku artean dudan Imanol Murua Uriaren Ekarri armak da horietako bat. ETAren jardun armatuaren bukaeraren nondik norakoak azaltzen ditu. Eta azaltzen ditu oinezkook gure historia hurbilenari buruz ez genekizkien hainbat kontu. Eta uste bagenuen Euskal Herriaren historia halabehar norabakarreko baten mende zegoela, liburuan ikusten dugu nola historia pertsonen erabakiek, zuzenek eta okerrek, bideratzen duten. Eta galdekatzen gaitu liburuak, bai ala bai, geure buruaz: non geunden, adibidez, komisarietan torturatuen oihuak itotzen zirenean, eta zer pentsatu genuen, adibidez, ETAk Isaías Carrasco hil zuenean.

Liburu beharrezkoa abangoardia zaharren amaieraz eta geure buruaz.

Urte berri on.

 

Berton aldizkarirako idatzitako testua