Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko mai. 24a, 14:59

Udako Euskal Unibertsitateko aurtengo Udako Ikastaroak, 44.ak, “Anitza” lelopean ospatuko dira. Horien artean, Eibarreko Markeskoa Jauregian, Uztailaren 11-12an, “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” izenburuarekin egingo den ikastaro-topaketa antolatu dugu. Euskal zientziazale guztiak gonbidatuta zaudete.

Ikastaroa antolatzerakoan anitza izatea buruan izan dugu: anitza irakasle bezala jardungo dutenei begira, 13 pertsona guztira: ikertzaileak, dibulgatzaileak, zientzian formazioa duten kazetariak eta zientziara hurbildu diren kazetariak; anitza jorratuko diren gaiei erreparatuta: baliabideak, esperientziak, gomendioak, dibulgazioaren egoera... baina, batez ere anitza nori zuzendu nahi izan diogun: ikertzaile, zientzia-kazetari, irakasle, zientzia edo kazetaritza ikasleak eta, oro har, euskal zientziazaleak. Anitza nork, anitza nori, anitza zer.

Ikastaroari buruzko informazio guztia UEUren webgunean aurki dezakezu. Gainera, ikastaroa hasi bitartean, dibulgazioaren gaineko zure iritzia jakin nahi dugu, ikastaroan gurekin ez bazaude ere, esan nahi diguzuna kontuan izan dezagun ikastaroko mahai-inguruan. Hementxe duzu inkesta (zin dagizugu oso laburra dela) eta eskertuko dugu zure iritzia jasotzea. Azkenik ekarpen eta iradokizun guztiak ongi etorriak dira, bai mezu honetako erantzunetan, bai Twitter bezalako sare-sozialen bidez.

Uztailaren 11n eta 12an Eibarren ikusiko garelakoan,

  

Josu Lopez-Gazpio eta Koldo Garcia, antolatzaileak.

 


UEUren ikastaro guztiei buruzko informazioa