Arriagatik abiatzen da, azken urteotan Aste Nagusia. Bihoa, lehenik, bilbokeria hori, gaur hasi eta bederatzi egunez Bizkaiko hiriburuan biziko diren jardunari eman ziotelako lehenbizikoz, euskaraz eta ofizialki, Aste Nagusia izena.
Aste Handiak, edonon izan daitezke baina handiena, Nagusia, guretzako batik bat, ez da besterik. Azken urteena aipatu dut, beste kokagune batzuk ere izan dituelako, txupin jaurtitze eta pregoi irakurtze ospakizun erraldoi honek. Kuriositatez, udaletxea gutxienean, Arriagan aurreko banku eraikina eta Plaza Berriko balkoi batetik ere egin direlako. Udaletxean ez, berresten diot. Aste Nagusi berritu hau 1978.ean sortu zenetik, protagonismoa konpartsari eta hauek ordezkatzen dituzten herritarrei eman nahi zitzaielako, aginte ofizialetik harago. Urteak aurrera, zorionez ene aburuz, hauek eta Udala bat eginik osatzen da azken urteotan jaiak antolatzeko taldea.
Uruguain sortua izan arren, urte pila Katalunian sukaldari bezala daraman Dinorah laguna etorri zitzaidan bisitan, duela bi urte, gure Aste Nagusia elkarrekin bizitzera. Marijaia zain genuen harrera ofizialera eraman nuen hasteko. Tartean 9 egunez hiriburu honetan ospatzen ziren 400 ekitaldi, doako 100 bat, lehen mailako, kontzertu, konpartsa eta hauen txosnaren jarduera eta abar luze bat. Harreran, izan zuen alkate, zinegotzi, hiriko jende eta pertsonai handiki ezagutzeko aukera. Leihoetatik begiratuz, aurreko plaza eta Areatza osoan zegoen jendetza ikustekoa ere bai. Kaba freskagarria, kanape eta pasteltxo batzuk janez, ohorezko lepoko zapi ofiziala ere jarri zioten eta konpartsero edo antzeko jende jator pila batekin solaserako betaz ere gozatu zuen.
Ordu bete luzez izan ginen Arriagako areto atari glamourotsu hartan, ez zuen unerik ere galdu argazki andana ateratzeko bazter guztietatik puntu guztietara, bereiziki ia beti alde batera biratuz. Begira geldi nintzaion une batez, han ikusten zuenez eta nik esandakoaz, bere iritzia jakitearren. Ez zen isildu ez, esaldi xume batez laburbildu zuen: “Zein polita duen zetazko gona”.