Bertsoaste Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko abu. 19a, 13:54

Bilbotarkeria ematen du baina nik uste dut egia dela. Bilbo munduko euskaldun gehien bizi den hiri edo herria dela. Gehiengo giputza zegoen idazle edo antzekoen bilera baten bota nuen holako hori, aspaldi, Bizkaiko hiriburuan Kafe Antzokian izan zuen arrakasta arrazoitzeko.

Ia denen harridura aurpegia oraindik dut erretinak artxibatua. Zenbaki absolutuz ari nintzela esanez, sinetsi zutela zirudian. Batetik, inork ez genuen datu fidagarririk alde edo kontra egiteko eta, bestetik, poza ematen zuen ideia edo amets bat zelako. Ba dira 15 urte gutxienik, ordutik, eta nire alferrak ez dit lagundu zenbaki edo proportzio haien baieztatzean eta, horren faltan, 36 urte daroan, Aste Nagusiaren aro edo belaunaldi berrian Euskal Herriko bertso “saio” erraldoiena berton egiten dela esango dut. Zortzi ataletan, igandetik igandera, 30 bat bardo euskaldun igotzen dira Santiago plazako oholtzara, eguzkipean irri barrez ­gehienak zutik­ urtean behingo gauza balitza bezala. Lau edo bost lehiaketako txapeldunak, egun ezberdinetan dauden bezala, bizkaitar peto petoen eguna, neskena, beteranoena . . . Edozein aitzakiaz bereizi edo nahasirik abustuaren hirugarren astebeteari uko egin ezinik. Bilbotarkeriaz darrait, zortzi ataletan 30 bertsolari beste inon ez dudalako ezagutzen, bertso bazkari jendetsua, tartean.

Hiruzpalau bisita egiten die neronek ere “kontzertu” horiei, tsosnagunetik harago, urte osoan gogoko ditudan, Zazpi Kaleak ere hor nonbait daudelako, bilbainada pare bat El Perro kalean entzunez, erraldoi eta buruhandiekin paseo bat egin, Iruñeatik urte oro hurbiltzen diren gaitero ezagunak agurtu edota Bidebarrieta edo Korreo kalean kokatzen diren artista musikariak entzunez gain, txanponen bat emateko. Jende masatik alde egin eta Anko martitzen goiz txukuna igarotzeko proposamen bat, besterik ez, Gozatu!