Arreta! Bihar ez, bihar Plaza biribiletik eta ordu erdi lehenago, paseo ezberdin edo bereizi bat egingo dute. Edozein urteko Aste Nagusian, gutxienez behin, galdu behar ez den ikuskizuna. Puxikaz armaturik dauden buruhandi taldeaz lagundurik, bira eta dantza, Bilboko Konpartsa osatzen duten 12 bikote daude. Gautxorientzat edota aste hau ordu batetik aurrera soilik bizi dutenentzat, goiz giro ederrean galtzen duten gaietarik, baten azalpen txiki bat ematea otu zait, jai nagusi honen azken aurreko larunbat honetan.
1654. urteko "Santisimo Sacramento de Santiago" Kofradiako kantu liburuan omen dago, Bilboko erraldoiei buruzko lehen erreferentzia. Bi bikote omen ziren baina ez da datu zehatzik agertzen liburu horretan. Aste Nagusitik landa, edozein egunetan, zehaztuko dut historia hedatuagoa, gaurkoan eta Aste Nagusi modernoari dagozkion berri emateko. Hirugarren urtea ospatzekotan (1980) sortu zen erraldoi berriak egiteko ideia eta, garaiko"Comicos de la Legua-koa" zen Pedro Goiriena aktore eta artista arduratu zen horretaz. Zortzi urte geroago, eta batzuk hondatzen hasiak zirela eta, Jose Ignazio Urbietari eman zitzaion berriak egiteko ardura eta aurreko belaunaldiko pertsonaiekin osatu zituen. 1998.ean Athletic-en mendeurrenaren omenez, sortu ziren Pitxitxi eta honen emazte Mina. Aurreko batzuk aipatzearren, "El Ingles" y la Bilbainita, kantu ezagunak, Zumalakarregi edo Isabel II, ingelesa; el Aldeano y la Aldeana, bi bikote, Santutxuko Cigarrerak, Don Terencio y Doña Tomasa, bi marinel eta abar. Gehienak XIX. mende bukaerako edo XX mende hasierako pertsonaiak dira. Batik bat, gazte jendeari deia luzatzen diet, konpartsa honekin kalejira bat egitera. Sindromeak joten ba digu ere ez arduratu, kalez kale marianito batzuk arraba beroez, diseinuzko pintxoz edo tortilla zati batez laguntzeko aukera ematen duelako paseoak.
Astean zehar, jolgorioz, kontzertuz edo gau jaiaz ari naizen bezala, goiz eta eguerdian gozatzeko aukera bat eman nahi izan dut. Ez bakarra, alegia. Arriagako plazen egunero eskaintzen duten kale antzerkia, Udal Bandaren kontzertua, txikiguneak, gastronomi lehia eta beste, euskal kirolak eta gehiago izan direlako eta, direlako, Aste Nagusian. Eutsi goiari! Oraindik gaur eta igandea falta dira eta.