Hark zituelako berengan aurtengo EHAZEn Egunak jarria zuen goiburua; emakume antzezle edo antzerkizale euskaldunaren omentzen baitziren.
Pozik, hunkituta, jaso zuen Foruriak, Itziar Elias aktore eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko arduradunak eskaini zion, maskara irudiaz egindako, altzairuzko kriseilua. Egun berezi horretan, aktore lanetan aritu zen Onintza Enbeita bertsolariak izan zuen solasaldi txiki bat omenduarekin gero, hau ere hunkituta, ia 50 urtez, eskola maistra lanak eginez, Bartzelonan bizi den antzezle aitzindariari bertso bbat eskaini zion.
Eneritz Artetxe, Itziar Elias, Zoila Berastegi, Johana Ocaña, Patricia Urrutia eta Onintza Enbeitak eskaini ziguten antzezlan labur bezain bikainak, saioa ireki eta alorrik behinena bete zuen. Gero, pantailan, film laburrak giroa pixka bat moteldu zuen eta, halaz ere, txalo zaparrada eraman zuten.
Egun beteko jaia izan zen, dena den, larunbatekoa antzerkizaleontzat. Eguerdian, Eidabe taldekoek, Sardina freskue antzeztu zuten Plaza Berrian. Antzeztu edo, haiek esaten duten heinean, umeekin erromeria polit bat atondo zuten, azken baten nonbaitetik azaldu zen sardinaren bilaketa.
Arratsaldeko hirurak aldera, 60 bat lagunen bazkariak eman zion arratsalde osoko jaiari bidea. Jan ondoren, Deustuko Erriberako Auzotarrek Lutxa ez da Luntxa pastoral ibiltaria jokatu zuten, itsasadarraren ondoko bidetik, Artiach galleta fabrikaraino. Ikuskizun polita, benetako ontzi baten inguruan, dantzaka eta oihuka.
Imanol Ituiñoren magiak bete zuen gero P6, kanpoalde edo anbigu-aren giroa eta aretoa, haurrak bezala helduak txundituta utzi zituen behin eta berriz Santutxuko aztiak bere truku edo ia mirakulu ematen duten egintzekin.
Jarraian, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek barre eta algara franko eragin zuten jendartean, Desentxufatuak izenez bataiatu zuten ikuskizunarekin. Harrigarria, zinez, Carlesen, Foruriaren senarraren, iruzkina: “Testu osoa ulertu gabe ere, barre piloa egin dut". Ez dute, egunotan Pankreas eskainiko duten aktore horiek aurkezpen beharrik eta, larunbatekoan ere eman zuten berea.
Solaserako eta eztarriak freskatzeko unetxo baten ondoren, arestian aipatuko Galari eman genion bidea eta, gauean ongi sartuta, 2015eko EHAZEren Eguna antolatzea pentsatzen hasi ginen.