Kasu berri honetan, berrikuntza ez ezik ausardia ere agerian utzi du, hitz lauez beharrean, haren hitzak erabiliz, “bertsotan paratua” egin duelako ordu eta laurdenerako langaia. Bertsoaren zentzu horretan , agian, neurri zehatz edo doinu aberatsagoak erabiltzeko behar lituzke, baina tira utz dezagun ongi eta umorez errimatutako lanean. Testu bikaina egin du, beraz, hainbat urtez eta mila tokitan barre eginaz gain, sentimenduak azalerazten ibilitako -bere hitzetan- aktore, teatro idazle, zine gidoilari, eta zuzendari bilbotar peto honek. Salto berri bat egin dute oraingoan, bai Telleriak, bai Tarteanekoek , testu errimatu hauek erabiltzerakoan. Ez hutsera jauzi bat, ordea, ondo prestatutako eremu baita eta lurrera bota dutelako hazia. Urteetan zehar metatutako esperientzia eta arte duelako Patxok.
Erronka hori plazaratzeko, ez da erraza jokalari hoberik lerrokatzea kantxan. Haren buruaz gain, beti betiko kide kuttuna duen Mikel Martinez eta, hauekin batera taula gainean behin ere ikusi ez dudan arren, beste mila erronkatan arrakasta handiz higitu den Joseba Apaolaza. Gozoz jokatzeko arriskutik harago, antzerkiaren izartegian bildu daitezken hiru izarrik dirdiratsuenetarikoak direlako, hain zuzen, oraingo honetan Bilboko Campos Eliseosen Pankreas antzeztu zutenak.
Zume bikainak, ura ere gordetzeko balio lezaken, saski edarra egiteko. Lan bikain bati eusteko hiru zutabe ezagun horiekin, bizitzak edozein toki edo unean eman lezaken tragedia latz bat irentsi arazi ziguten Joseba, Mikel eta Patxok –barkatu, Paul, Jabilo eta Jonan-ek- eszenatik barre algara pila bat eraginez. Ohikoa ez den bezala, bere buruaz beste egiteaz -sinesgarri- mehatxatzen zuen Paulek, hil ondoren, bere Pankreasa utzi ahal zion Jabilo, gaixo iruzurgileari, Jonan laguna tarteko bezain tratulari zuten bitartean. Hala, hitz lauaz esanez, erraza ematen du, baina sekulako intriga eta nahaspila sortzen artistak diren hiru hauekin, egia ote deneko zalantzak jartzen dituzte.
Sinopsia egin dudan arren, ez pentsa dena konta dudanik arestian. Askoz gehiago duelako gidoi eta testu aberats honek. Hiru antzezle handi horiek ordu eta laurdenean zer eta nola egiteko gai direnez gain. Tragikomedia hitz larriz erabiltzeko haina. Tragedia, zinez latza baina komeria bilakatuz, barre algara nahiz irribarre ironikoa pilaka eragiten dutelako. Ikus entzulea, horrela liluratuz, euskaraz eta antzerkiaz maitemintzeko ildoak jorratuz.
Ikusgarria! Ez da oraingoan espresio bat, aditz laguntzailea baizik: Ikusgarria.