Shakespeare, Deustuko Erriberan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko mar. 18a, 11:55

Sorginak, ninfak eta erreginak Erresuma Batuko dramaturgoaren testuz osaturiko bakar hizketa liluragarria eman du Itziar Lazkano aktoreak P6 aretoan.

Emanaldi denetan kokoteraino bete den P6 aretoa liluratua utzi du Itziar Lazkanok, oreintsuen aste buruetan, Willian Shakespeareren testu aukeratu mordo bat maisuki antzeztuz. Felipe Loza arduratu izan da Macbeth, Uda gau bateko ametsa, Rikardo III, Venus eta Adonis, Maitasun sonetoak, Neguko ipuina, Enrike IV edota Antonio eta Cleopatra lanetatik, besteak beste, testuak bereizten. Bere esanetan "lan ikaragarri luze eta latza" hainbat hilabete eraman diona, hain zuzen. Oraingoz azken emanaldia izango dena egin ondoren, eman zuen solasaldian, Loza dramaturgo eta zuzendariak lan polita baina latza izan dela zioan, atsegin handiz egina bestalde: "Antzezle batek ezin duelako erretreta hartu, nik ez behintzat, historiako dramaturgo handienaren zerbait antzeztu gabe. Ilusio hori bete izanaz pozik nago".  

Lan luze horren ondorioa dira ia 70 minutuz Lazkanok eszenan maisuki brodatzen duen bakar hizketa. Taide Quintana, arpa joleak, eszenaurreko izkinatik doinu eta kolore puntua emanik, gozoki bereizten ditu testu batzuk eta besteak. Erditzear dagoen musikariak, kamera laguntzaile ere egiten dio une batean.

Azkenerako utzi dut, Itziar Lazkano aktore handiaren lana. Dagoeneko ezagun eta goraipatua den arren, Arriagako Gelatxoetan, Lorcaren pertsonaiei gorputza eman zienean aktore bilbotarraren heldutasuna nabari nuela deritzot. Dramaturgiaren zinezko eredutzat hartu nituen, haiek lauzpabost rolak Itziarren eskuetan. Honako Sorginak... haien jarraipentzat hartu du Loza-Lazkano antzezle bikoteak, nahiz eta Itziarrentzat: "Nire aktore bizitzaren lanik gogorrenetarikoa izan da Shakespeareren testuak ikastea. Ezin duzu hitz baten hutsik edo desegokirik egin. Hain zehatz egina dagoenez, edozein akatsek erritmoa ez ezik errima ere galarazten dizuelako". Dena den, Sorginak... antzezteari erritmo eta abiadura ikaragarria sartzen dio Lazkanok, ordu bete pasaz ikus-entzule dituenak bihotza esku barruan eutsiz. Izugarria abiadura, erritmoa eta hitz jario kalitatea. Bejondeizula Itziar!

Solasaldia bukatzean, zalantza zuten zuzendari, aktore eta arpa joleak, "hainbesteko lanak merezi ote izan duen, hain emanaldi gutxitarako". Bat-batean zalantza hori uxatu zuten arren: "Merezi izan du eta Taide erditzetik erabat ateratzen denean bueltatuko gara, ziur", zioen bat-batean.