Ezuzteko handia izan zen, iaz, lehenik antzezlan onenaren saria eta, gero, taldeko bi hauek, Itxaso eta Anek, estatu mailako aktoresa hoberenarena jaso zutenean Buero Vallejo sariketa prestigiotsuan. Horrela, kurtso bukaerako antzezlan arrunt bat izan zezakenetik, Espainia osoko sari ospetsu izatera jauzia egin zuen 'Pater, Matris' lanak.
Hori gutxi balitz, 19 eta 18 urteko bi aktore ausartok, lan eta sari horri bizia ematea erabaki dute eta, estreinakoz, jadanik Madriden, Bartzelonan, Bilbon, Barakaldon eta Mungian aurkeztu dira publiko aurrean eta denetan, bai denetan, aretoetako harmailak ongi baino hobetu itxuratuz.
Madrileko Maria Guerreron antzeztea Buero Vallejo sariak berekin zekarren, besteak ordea, neska bi hauen ekimena dira. Bertan ikasten duela aprobetxatuz, Ane Lekandak muntatu zuen, lagunartean, Bartzelonako saioa. Ez zen areto handia baina bete egin zuten. Herrira jauzia eginez, Barakaldoko Arimaktore aretoan, egun berean, bi funtzio egitera ausartu ziren. Bartzelonakoa eta bi hauek egiteko, bertsio labur bat egokitu zuten, 18 bat minutukoa eta ezker aldeko aretotxoa ere bete zuten bietan. Bilboko Barrenkua aretora (Bilboko zirkuituaren barruan) eta Mungiako Olaldera bertsio osoarekin azaldu dira, apiril honen 17 eta 18.ean, eta biak ala bietan publikoaren erantzun arrakastatsuarekin.
Ia ordu beteko lanean, Bertak eta Marisak (Anek eta Itxasok) elkarrekin bizi diren bi lesbianaren rola erakusten digute. Carmen Pomberok egindako testuan, bikote honek haur bat itxaroten dagoelarik, elkarren artean sortutako arazoak, elkarbizitzan eta jendearen zer esanaren erruz sufritzen dituztenak agertuko dira eszenan. Ikus entzuleen erantzukizunean utziz prest al gauden bikote homosexualek osatutako familiak onartzeko. Egun eguneko gaia, eta aretotik ateratzean ikusleari marmar egitea eragiten diona.
Edozelan ere, Lekanda eta Gil, Ane eta Itxaso aktoresen dirdira hasi baino ez da egin. Dagoeneko bi garrantzizko hitzordu dituzte. Barakaldoko Arimaktorera bueltatzeko lan osoarekin eta Madrilen ireki berri den Boscomedia aretoan eguna zehaztu gabe badute ere. Besteak beste, Ibarrekolandako antzerki harrobiaren lehenetariko emaitzak.