Materiala ez da aitzakia izango, eskuko mina ere ez

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko api. 24a, 10:25

http://www.aspepelota.com/

Eskuz binakako final handirako materialaz, gustura lau pilotariak. Leitzarra eta Untoria azaltzen dira "pixka bat" faborito, iganderako, Miribillan.

Ohikoa den bezala, hiru egun aurretik, igandean Miribillako Bizkaia frontoian jokatuko den finalerako materiala aukeratu zuten, atzo, hitzordu horretako lau protagonistek. Berasaluze eta Zubieta, batetik; Bengoetxea eta Untoria, bestetik puntual demonio azaldu ziren, eguerdi eguerdian, Bilboko kantxa ikusgarrira, zakuto bete piloten artean, bikote bakoitzak hiruna apartatzeko. Protokoloa, lau pilotarien iritzia entzunez bukatzen da eta, horietan, laurak ala laurak gustura azaldu ziren zakuto horretatik bereizi zituzten pilotekin. Oinatz Bengoetxeak, zerbait aipatzearren, besteena pixka bat neurriz kanpokoa dela esan zuen arren, bata besteari begiratu eta ketze zuria igo zen zerurantz: "Materiala ez da aitzakia izango" esan zuten aho batez. Alegia, partida handi eta ikusgarri bat eskaintzeko asmo beteak erakutsi zituztela lau protagonistek.

Gustuko pilotekin jokatuko duten hein berean, buru eta soin sasoian ere badirela nabari utzi zuten laurek. Aitor Zubietaren eskuko mina izan den azken asteotako kezka, bukatua dirudi, azken entseguetan minik ez duelako nabari izan. Aitzakiak alde batera utziz, beraz, kantxaratuko duten sasoiak eta estrategiak hartzen dute txanda.

Banan, banan. Pablo Berasaluze, beteranoa, aurreneko koadroetan egun den artistarik handiena izatea da bere doi nagusia. Bere atzelariaren domeinua eskatuko du, aurkariarena, frontisera motel helduz, franko eta zehatz bukatzeko tantoa. Aitor Zubieta etxarriarrak izango du ardura hori. Bai Untoria eta bai Oinatzenei indartsu erantzunez, Berrizko artistari erraztasuna emanez. Jokoan eta sasoian dago, txapelketarako Aspek Asegarceri utzi dion pilotaria eta ondotxo daki iganderako duen ardura.

Oinatz Bengoetxea da, ia iritzi guztien adostasunez, aurtengo txapelketako pilotari nagusia. 14 partidako Ligan eta final aurreko hiruretan denetan erregularrena ez ezik kalitaterik hoberena erakutsi du leitzarrak. Pilotari izenlaguna goitik behera merezi duenetarikoa, ia dena ongi egiten duenetarikoa. Alvaro Untoria bizkar zain zintzo bezain trinko izatekotan dator Bizkaia frontoira. Aretxabaleta markinarraren ordezko bezala sartu zen txapelketan eta ez du hutsegin. Finalera iristearekin, bere bizitza profesionaleko lehen mugarria jartzera sutsu dator eta duena eta gehiago emango duenaren zalantzarik ez du ia inortxok.

Hedabideetan nahiz kalean, Bengoetxea eta Untoria azaltzen dira txapelak janzteko "pixka bat" faborito, batez ere, Oinatzek daraman azken hilabeteetako martxagatik. Gorrien aldera, bestalde, Aitor, Alvaro baino jotzaileagoa eta beteranoagoa dela eta, hau dominatzea lortzen badu, Pablitok ez du barkatuko. Final handi baten atarian gaudela ia ziur nago.