uriola.eus

Astelehena: La Ribera plaza berritua eta bilbainadak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Biharamuna, ajea, jaiostea eta antzekoak ohi dira astelehenaren sinonimoak. Aste Nagusian ez dago horretarako lekurik. Hasi baino egin ez bada! Ez dut egitaraua ematearen ardurarik, neure ibilbideari ekitea aski dudalako.

Berrikuntza nabarmen bat ezagutzeko gogoa dut gaurkoan, Erriberako merkatu berriztatuaren jardueraz gozatzeko. Nire amari bendeja saltzen laguntzen nion gune berean, orain, La Ribera Jazz Band ikus entzunez gainera, bost gune gastronomikoz gozatzeko aukera. Hori, gaurkoan, beste egun batzuetan Sesiones Conserva ikuskizuna ere izango delako. Dena ere mila motako janariaz gozatzeko babes bezala. Bost gune ezberdin, beste hainbeste giro, beste hainbeste jan edanerako eta solaserako espazio. Nork esan behar zuen Europako merkatu itxi nagusi eta aberatsenean hola aldaketarik izan behar zenik. Estreinatu behar dugu gaur afaltzeko. Ez naiz su artifizialen zale sutsua eta, agian, ordu hori probextuko dut afaltzeko. Gogoan izango dut, duela mende erdi inguru nire amatxok hamaiketako egitera eramaten ninduen taberna zaharkitu hartaz.  

Toki berritu hori ezagutzeko irrikak, eguna azkenetik hastera eraman nau. Goizetik hurbilduko naiz hirira umeak  entsaladak egiten nola ikasten duten ikusi Areatzako Gastronomika gunean (orain ere triparako egiten). Bide batez, Bandaren piezaren bat entzun, beste hainbesteko kuku bat egin bertsolariari Santiagon eta Zazpi Kaletan murgildu “bilbainadak” entzun eta haiekin kantu batzuk egiteko. Jakin ezazue entzute hutsa nahi ba duzue, Doña Casilda parkeko oholtzan Gau Pasa taldeak kantatuko duela 12.00 tik aurrera. Arratsaldean zehar, ba da aukerarik Plaza berrian ere. Lehen Erandioko Goialde dantzariak ikusi eta denok batera Larrain Dantzaz gorputza pixka bat astintzeko. 

Denetara ezin  iritsi baina musika kultua deritzonak ere egunero du bere tokia La Encarnación elizan. Gaurkoan, harizko tresnaz arituko direlarik Garaiz Ensemble: Hirurak Bat, taldekoak. Su artifizialak bukatu ondoren, egunero bezala, lehen mailako kontzertuak Pergolan, Abando Ibarran, Plaza Berrian eta abar. Ez da, bada, aspertzeko aukerarik ere.

Beste ildo batetik, astelehena nolabaiteko asteburuko balantzea egiteko ere denez, herengun Gurutze Beitiaren pregoi alai eta aberatsaren ajeak izan ziren atzoko prentsaren izenburu eta, nola ez, trumoi, euri jasa eta haizeak ere esku hartu nahi izan zutela txupinazoaren egunean.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa