Martitzena, Urrutikoetxearen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko abu. 25a, 16:39

Betidanik izan du euskal pilotak presentzia nabarmena Aste Nagusian. Gorabehera handiekin, dena den. Pala izan zen, urte askoz, Bizkaiko hiriburuko modalitatea. Lehen Euskaldunan eta gero Club Deportivoko frontoian pilotaren modalitate zailena, artistena, ikusteko aukera izan dugu.

Ez da Bilbo paradisu bakarra izan 1960, 1970 eta 1980 hamarkadetan dozenaka palari profesional aritu izan dira eta Bartzelonako (3 frontoi) eta Madrileko frontoietan ez ezik Sestao edota Donostiako Carmelo Baldan, besteak beste, artistarik onenak izan dituztelako koadroetan. Ez deritzot tokirik  hoberena pala gainbehera aztertzeko baina, kasua da aurtengo Bilboko Aste Nagusian  hura dela presentziarik eskasenaz gain, informaziorik murritzena eman dutena.

Zesta punta agertu da berriz indartsu, astelehen honetan Club Deportivo frontoian Jai Alai World Tourreko finalaurrekoak jokatu direlako. Haietan, Beaskoetxea Eta Aldazabal vs. Egiguren eta Urtasun, lehenengoan eta Goikoetxea eta Erkiaga vs. Olha eta Inza. Adituek diotenez, une honetan munduan diren izarrik onenen artean izarrik distiratsuenetarikoak. Tour honen finalak eta 'brontzea' lortzako partidak, datorren ostiralean Hondarrabiako frontoian jokatuko dira. Jarduera hauen informazio osoa www.jaialaiworldtour.com web gunean aurkitu dezakezue.

Esku pilota da, telebistaren ekimenarekin batik bat, azken 20 urteotan erabateko protagonismoa hartu duena  besteen gainetik. Enpresak ere inguru horretan higitu dira eta informazioa nonahi hartzeko aukera eman ere bai. Modalitate honek eragin du Euskal Herriko frontoi handienean, Bilboko Miribillan, egitea eta han jokatzea jende gehien biltzen duten partidak.

Mikel Urrutikoetxea,  San Mamesen ohorezko sakea egin duen buruz buruko txapeldun handiaren presentzia dugu aurtengo ikusmin berezia. Ia 40 urte pasa eta gero, esku  pilotaren saririk nagusiena ekarri du Bizkaira Zaratamoko pilotariak eta urte osoan aldean eramango duen elastiko gorriaz azalduko da martitzen honetan Bizkaia frontoian. Urruti, ataungo Albisu atzelari finarekin arituko da, lehen finalaurrekoan, Irujo handia eta Merino II errioxarraren aurka. Eguaztenean, Berasaluze eta Zubieta vs. Olaizola eta Barriola. Azken bikote hau enpresa biekin osatua baina, bestalde, umetatik elkarrekin arituak. Finala, larunbaterako utzi dute, tartean beste jaialdi bat eta egun hutsal bat ere bai, Athletic-en partidarekin bat ez egiteko. Egitarau aberatsa, zinez.

Urte mordo batez afizio eta ofizio izan dudan jarduerak eraman dit gaurko lanaren gehiena. Frontoira joan aurretik, goizean ostera egingo dut Areatza ingurutik; lei pistan patinatzen haurrak ikusteko; arrantza eskola itsas adarraren inguruan; kalitate handiko kale antzerkia Arriaga plazan; eguneroko erraldoien kalejira, gaitero eta txistulariekin; bilbainadak eta abar luze hori edozein egitarauetan datorrena. 20.00etan Larrain dantzara joan ordez Bilbo kantari ekimenera hurbilduko gara Zazpi Kaletara.

Su artifizialak ikusi -edo ez- ondoren Abandoibarra, Plaza Berria, Pergola edo Arenalera, kontzertuak ikus entzutera. Norberak arduraren bat izan behar eta 19.00tik 23.00rako txandan Txomin Barulloko txosnan lan egitea tokatzen zait. Etorri bisitatzera.