Eguaztena, Gastronomiari indar eta ohore

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko abu. 26a, 09:43

Gure bizitzan, telebistan eta hedabide guztietan bezala, Aste Nagusian ere neurriko garrantzia du gastronomiak.  Hainbeste urteren ekinean, kazola eta jende pila biltzen da Areatzan, martitzenetik igandera, janari ezberdinen lehiaketan esku hartuz.

Astearteko tortillak dira azken urteotako nobedadea. Aurreko urteetan umeei gauza horiek erakutsi eta gero, hauek ere zartaginak berotu eta sari bila joango dira hainbat. Eguaztenetik aurrera, aspalditik sona hartu duten lehiak. Txipiroiak, bakailaoa bizkaitar erara, pil-pilean, marmitakoa eta buztan gisatua dira egunik egun epaituak izango direnak. Denetan ere bi maila izaten dira. Gorena eta, gero, konpartseroentzako berezia. Hauek ere besteen zorrik izaten ez duten arren.

Aspaldiko kostako herri jaietatik berreskuratua den kukaña ere jokatuko da 13.30ean Areatzan; egunero bezala Bandaren jarduna bukatu eta, Zapi Kaletan eta Santiago plazan bilbainadak eta bertsolariak dabiltzan artean. Gaurkoan bertsolariak, Sebastian Lizaso eta Estiballes bilbotarra, zaleekin bazkaltzen izango dira, eguneroko hitzordua aldatuz. Kukaña ez ezik tiragoma lehia, Xakea eta kale antzerkiak nagusi zein umeei zerikusia emateko, egunero bezala. Ea Sebastian eta Arkaitz gehiegi luzatzen ez diren, siestatxoa ia derrigorrezkoa delako, gauez luzaro irauteko.

Frantziarrak ditugu gaurkoan su artifizialak. Intermede Artifices, orain arte egondakoak direla deritzot eta XXV sariketak esku hartzera datoz. Oooohhh eginez hartuko ditugu eta, ongi egiten badute esku zartaz saritu ere bai. Hauek amaitu ondoren, Arriaga plazara abiadan, aintzinako erako berbenan dantzaldi batzuk egitera.
Pilotazale asko Bizkaia frontoian izango dira baina, Adi! Ostiraletik igandera Prim kalean frontoi mugikorra jarriko dutelako, eskolarteko partidak bezala, neskarenak, beteranoenak eta abar jokatuko direlako. Eraitsi duten La Esperanzako frontoiaren hutsa betetzera dator polikarbonatoz egindako kantxa mugikorra. Ikusgarria, zinez, eta detaileak emango ditugu hurrengo egunetan, ‘I Bilboko Joko Alai Tour’ deitzen den berrikuntza honenak, hain zuzen.

Tartean, txosna gunean ibiltzeko aukera eta bizipen edarrak eta, Bejondeizuela! Gurutze eta Oihana, pregoilari eta txupinera, jai zale guztien zorionak hartzen dituzuelako. Benetan neska jator eta alaiak.