Emakumeak herri kiroletan eta txupineren urte-bolanderak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko abu. 27a, 09:39

Aste Nagusi moderno eta lehengoaren eguen edo osteguna egun handia izaten zen; merkatari, edozein motatako enpresek zein bertako langileek hobetsi zuten ostirala zela egokiagoa, hiru egun luzez jarrian opor izateko.

Dena den, eguenez, lehen sekulakoa zen jarduera geldi ezina oraindik ugariagoa egiten da. Areatzeko karrikak, kasurako, baserri edo herri txikiko kutsu nabarmena hartzen du herri kirolak direla eta. Idi dema falta ikusi dut aurtengoan egitarauan baina, horren truke, emakumeen esku hartze nabarmenaren berritasuna. Asko eta asko izango dira 'andra probak' telebistan soilik ikusi dituztenak, ba ostiralean, 12.00tik aurrera bi taldeen arteko desafioa ikusteko aukera egongo da, 600 kiloko harria herrestan eramaten. Jarraian gizonekoen taldea 1.500 kilokoarekin errekorraren bila abiatuko da. Gaurkoan, hiru eguneko saioari hasiera emateko, 270 kg.ko harri puskarekin eta 50 kiloko bi txingekin egingo dute erakustaldia. Biharkoan esandako andre eta gizon proba eta, larunbatean, Bizkaiko harri jasotzaileen txapelketa eta, berriro, emakumeak protagonista bi aizkolariren arteko desafioan.

Neskak dira osteguneko ardatz berezia. Aste Nagusi berria hasi zenetik  izan diren txupinera guztiak daudelako konbokatuak, 11.30ean, haien omenezko txupina botatzeko. Armairuan urte osoz mimoz eta kariñoz gordeta duten trajea astinduz kaleratuko dira, urteko bolandera hori botatzera. Haiekin izango gara bermutaren orduan, harik eta bazkaltzera joan arte behintzat. Bejondeizuela!