uriola.eus

Barikutxu, emakumeen harri proba eta bertsotan manomano

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Manomanoak, buruz burukoak, frontoiko kontuak ematen dute boteprontoan, edo punpa lasterrean Euskitzek esango zuen legez. Gaurkoan, ordea, eguerdi eguerdian 13.00ean, Santiago plazan eta bertsotan izango dira, buruz buru, bai manomanoan, Amets Arzallus, jarduneko txapeldun handia eta Unai Iturriaga iurretarra.

Hain zuzen Ametsek txapel handia jantzi zuen egun berean, Unaik hurrengo txapelketetan ez zuela esku hartuko iragarri zuen. Txapelketa dena ere ez da eta, bada plazarik plaza bizkaitar bertsolari fina bezain ironiko eta azkarra ikus entzuteko aukerarik. Gaurkoa holako bat. Amets ere oso argia den neurrian, biak bietara ea inolako muga gabe, gai librean, saio edarra emango digute... ia ziur.

Frontoia aipatu dugunez, beste berrikuntza nabarmena Ripa nasa edo moilan, udaletxearen aurrez aurre, frontoi mugikorra eraikiko dute, bai ume pilota jolasak, emakumezko eta gizonezko federatuak eta beteranoen partidak jokatzeko. Polikabonatoz egindako frontoi hori, gaur, bihar eta etzi izango da bertan, esandako modalitate eta kategoriak ikus ahal izateko. Dena ere Bizkaiko Pilota Federazioaren babesean eta eraitsi berri duten La Esperantza frontoia ordezkatzeko. Ikuskizun bitxia, zinez. Arratsaldean esku huskako profesionalak Miribillako Bizkaia frontoian eta bihar, hain zuzen, Aste Nagusia, modalitate honetan, torneoko finala ia mundu guztiak eskatzen duen borroka aurreko koadroetan Aimar eta Irujoren artean, Barriola eta Merino II-ren babesarekin, hurrenez hurren, atzealdean.

Esan gabe doa, barikutxuarekin Aste Nagusiaren azken txanpan gaudela, goizetik jendea pilatuko dela Zazpi Kale eta Areatza inguruan eta, atzo aipatu bagenuen ere, emakumezkoen proba izango da ikusgai 600 kiloko harriekin eta gizonena 1.500nekoakin. Arratsaldean, Areatzan bertan, 17.00etan, gero eta indar gehiago hartzen ari den, maila guztientzat, XIX Hiri Krosa aterako da. Bueltarako ingurutik alde egin gabe, Plaza Barrian beste euskal dantza saio bat eta denok elkarrekin dantzatzeko Larrain dantza, besteak beste. Azkar  bokata bana eta tragoxka pare bat, su artifizialak ikus entzuteko eta 20 edo 30 kontzertu ezberdinen aukera.

     

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa