Jendetza izugarria, herri kirolak ikusteko ere, emakumeen presentziak ikusmin espeziala sortu zuelarik. Beste mila ekintzekin, barikutxua atzera utzi eta larunbatean ere badago nondik ibili.
Lehenbiziko edizioetan, herrietatik hirira ekarritako kirola izan zen Etxebarriatik behera, udaletxe atzetik, antolatu zen goitibehera lehiaketa. Duela mende erdi hala moduzko errodamendu eta ohol zaharrekin egindako tramankuluekin egiten zen karrera; Bilbon hasi orduko ingeniaritzako kristoren makinak ziran abiadura itzelak hartzen dituztenak, gaur ere. Urte mordo baten geldi egon den jarduera da goitik beheren kontu hau baina iaz, berriro martxan jarri zuten, hori bai, ibilbidea aldatuz, Bilboko kalerik luzeenetik behera egiteko, Zabalbidetik. Ez kale osoa, noski, dakienarentzat -edo ez- kale hau, San Anton elizaren aurrean hasi eta Santo Domingo edo Egirleta gainera heltzen delako. Beno, karrera hori, behekaldeko zatitxo batean izango da.
Urte gutxi daraman beste eginkizun bat ere izango da Areatzan. Plantxan egindako hegalzuze zatiak, sagardoz lagunduta jateko. Pintxo goxo-goxo eta berezia. Hainbestekoa da ekimenen pilatzea, pintxo hauek herri kirolen, gastronomi lehiaketa eta bandaren kontzertuaren, tartean izaten dela.
Uxue, Sustrai, Sarriegi eta Jon Maia Santiago plazan, kale antzerkia Arriagan, bilbainadak Zapi Kaleetan eta Doña Casildan, erraldoi eta buru handiak kalez kale eta abar luze bat, eguneroko martxari ekin eta jarraituz. Atzo bezala, jende pilatze handiak eta bero sapa izugarria espero bada ere, denontzat lekua izango da.