Oraindik ume zela, eta Ernest handia, ezagutu zuen emakume batekin izan nintzan aurtengo Sanferminetan eta gomuta txarra zuen "amerikano" hartaz, "harroputza" eta holakoak esan zituen berataz. Beste egun baterako utziko ditugu kontu horiek.
Nondik etorri zait, ordea, Hemingway Aste Nagusira? Lehen printza Bilboko Zabalgunera egin dudan osteraren erruz. Zazpi Kale edo Areatza ingurutik atera orduko, ia txosna edota kafetegi guztietako atarian kartel handiz mojito eskaintza dagoelako denetan. Eta gehienetan, egilea kubatar mulato edo mulata peto petoa dela adieraziz. Makinabat valentziar ezagutzen ditut nik paella egiten ez dakitenak baina tira. Harrigarria egin zait, aukerakoa ere bai, gustukoa dudalako bizpahiru edatea. Harrigarria, duela urte batzuk arte, Areatzako txosna batzuetako altxorra zelako. Nazioartekoak, Bizizaleak . . . edo holako batzuetakoa. Bota dezadan isildu gabe! Mojitoa edateak iraultzaile punttu bat zuen edo, gutxienik, hego eta ertamerikako herriarekiko kutsua edo maitasuna. Ez dakit Zabalgunean noiztik dabiltzan hain agerian mojitoak eskaintzen, baina ematen du -denboran- EEBBak eta Kubaren arteko harremanak leuntzearekin zerikusirik izan dezaketela. Lehen printza, hori eta, bigarrena, oso ziur nagoelako Aste Nagusia gaur bezalakoa izan bazen, urtero fin izango genuelako hemen kazetari amerikarra.
Barkatu nire guneko zaleok. Ez zaizue faltako iganderako bizpahiru aholku eta. Aukera zaila, 300 metroren barruan, Areatzan egiten den EH osoko erraldoien parada, Plaza Berrian, Bizkaiko txistularien urteko kontzertu edo alarde nagusia. Aurten, gainera Korrontzi taldearen babesarekin. Beste adiera batzuk ere izango ditu baina Korrontzi da, Kepa Junkeratik gerora, soinu txikiari xispa berezia atera dion taldea. Ikusgarria, ziurrenik!
Azken eguna, Uriola.eus-ko irakurle maiteok. Atsegin izan dut egunero txoko honen bidez zuenganatzea.
Eta aholku bezala ez baina, imintzio bezala balio izan badizue, nire lana ontzat emango nuke eta hurrengoan bueltatzeko gogoz geratu naiz. Iluntzean 20.30etan zezen suzkoa ikusi, eta gaueko 22.20an Marijaiari agur egitera noa. Oso agur berezia izango delako aurtengoa. Beste gauzatxo bat, 37 urte daramazkit Aste Nagusia bizitzen eta, Zinez! Gutxiago falta da, Biba 2016.eko Aste Nagusia! esateko.