Makina bat erromeria edo soinu eta triki kontzertu bizi izan ditut, izenburutzat erabili dudan leloarekin bukatzen. Adiera bera duen Hauxe da despedidea kantarekin hasiera emango dio, hainbatean, Oskorri taldeak Bilboko Arriaga antzokian, azaroaren 22ko bi ekitaldietan. Irailaren 6ean Getxon hasi eta gaurdaino Baiona, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Mauleko kontzertuetan eman dion bezala. Aretoa lepo beteko duen entzuleri sutsuak badaki, ordea, despedida hitzarekin ekin arren, bi ordu luzeko gozamena espero duela.
Bere betiko talde kutunaren doinu, kantu eta oroimenez beteriko bi ordu bizitzeko prestu izango den entzuleria. Absolutuen zale ez naizen arren, Oskorriren agurreko kantaldi hauetara hurbiltzen eta hurbildu direnek, 45 urte hauetan eskaini dituen 3.000tik gorako kontzerturen baten kutuntzat hartu izan dituelako ziurrenik edota grabatu izan dituen 500 kantetatik asko eta asko, entzun ez ezik, taldean kantatu izan dituelako. Hortik 'betiko' eta 'kutuna' erabiltzea.
Igarotako azken 45 urteotan euskal musikan erreferenterik inportantenetarikoa izan dela eta izango dela ziur egon arren, azken urte pila baten neurri horretan ez dutela aintzat hartu deritzat. Arazo guztiei ematen zaien erantzuna krisia dela ematen du, baina laburrean azaltzea erraza ez den arrazoiak medio, profesional moduan bizi ahal izateko nahiko jarduerarik ezak ekarriko zuen, ziurrenetik, despedida honen erabakia. Gazi-gozotik joango den despedida. Gozoa izan den eta denarengatik baina mingotsa berriro izango ez delako.
3.000 bat kontzertu eta 500 abesti grabatu izanak askorako ematen duen arren, hurrik ere ez, ia mende erdi honetan Bilboko talde honek emandakoari justizia egiteko. Batzuk aipatzearren, lehen urteetan Aresti edo Zaraterekin besoz beso lanean, Amuritzarekin garai batean edota Juanito San Martin berarekin, pozez zoratzen, Forjarien kanta eskatu ziotelako. Inauteetara edo Euskal Herriko edozein bazterretara kanta zahar nahiz berri bilatu eta eratzen. Doinu zoragarriak batetik, letra aberats bezain eraginkorrak bestetik. Hasiera haietan bezala gaur pil-pilean den euskalduntze lanarekin. Lehen egunetik, euskaldun berria edo nahi zuena kontuan izanik, "Barakaldokoa naiz eta...", Gora eta gora beti... edo Sautrela herrikoiak tarteko, harako tabernetan zeunden makinetan Aita Semeak behin eta berriro bueltaka jartzen gintuenean. Beti adi eta belarriak zurt entzuten zen dena. "Zein da kanta hori?", esan zidan behin Natxok herriko koadrilari "Kaka zuretzako eta..." entzun zigunean. "Zein adaptazio ederra Labigeriren Astoa Balaan...". 'Oskorrigatz' ekimena, San Tomas eguneko Pub Ibiltaria, Alemaniara bidaiak... Buruz nabil, ez dut artxiboetara joan nahi. Gero ere hor izango dira artxibook eta nork aztertu edo arakatu izango da. Nik, oraindik Oskorri bizi dela sinetsi nahi dudalako.
Holako edo beste edozein motako hedabide bateko lerro xume batzuetan ez dago Oskorriren historia, ez eta, atalik ere biltzeko lekurik. Ahantziak ditu jada jendeak Beltor Brecht, Violeta Parra, Adela edo neronek ere burura erakartzeko disko edo kanta liburuetara joan beharko nituenak. 500 grabatuak, mila bat kantatuak bat eta milaka bider. Historia idazteko ezin horrek, gomutetara eramaten nau. Oskorri sortu aurretik, Natxo de Felipe Santiago Apostol ikastetxeko aretoan ezagutu eta Mungian kantatzeko 'kontratatu' nuenekoa. Komatxoak jarri dizkiot, 1967 urte urruneko Gabon Zahar egun hartan, kobratu gabe, gitarra besapean hartu eta trenean alde egin zuelako etxera.
Natxo aipatu dudan moduan, jakina da orain taldean dirauten Bixente Martinez eta Antton Latxa, izan direla 45 urteotan Oskorriren ardatza baina oraindik gogoan ditudanez, handik ziren Jesus Mari Alegria, Pinttu, Zelaida Biurrun, Alvaro Gurrea, Fran Lasuen, Lakuntza anaiak eta Fraile eta beste hainbat. Pentsatu, Begoña Prieto bera ere inoiz pandero-jole ikusi dugula oholtzan.
2015eko azaroaren 22an behin betiko agurra emango duela sinesgaitza egingo zaigun arren, Frantziako Iraultzaren lelo bat erabiliko dugu: "Oskorri hil da, Biba Oskorri!"