Eguneroko jardunean lehia bat dagoenean, elkartze horren bereizgarrien aurretik kasik irabazle kutsu edo faborito etiketa jartzen saiatzen gera. Igandean Bilbon Miribillako Bizkaia frontoian jokatuko den, buruz buru eta lau t'erdi barnean, partida ere ez da horretatik libre izango. Bai Zaratamoko gazte gartsua edota Iruñerriko Iberoko izar kontsakratua finalerako sailkatu zirenerako, bigarren hau jarri zuten, behin behineko duen, mota bereko txapel berri bat janzteko faborito bezala. Estatistikarik ateratzako aukera gutxi dugu bi hauen arteko buruz buruko partidaren emaitzak gogoratzeko, binaka ere apenas izan dira bata bestearen aurka eta, beraz, bakoitzaren doiak aipatuz konformatu beharko.
2002. urtean afizionatuetako Iruñean jokatu zen Mundialean trinketeko urrea jaso eta handik urtebetera debutatu zuen Juan Martinez de Irujok profesionaletan. Harrezkero 2004ean hasi eta bost aldiz jantzi du kantxa osoko buruz buruko txapela eta hiru aldiz izan da txapeldunorde. Hiru aldiz irabazi du lau t'erdian ere eta behin jaso du zilarra. Egun, bera da txapelduna. Bikoteka ere bost aldiz igo du podioko gorengo kutxara. Hitz gutxitan esanda, Aimar Olaizolaz beste, XXI. mendeko eskuzko pilotari handiena edo sarituena behintzat. Fitxa teknikoari dagokionean, 34 urte bete berriak ditu, 1,86ko altuera 83/86 kilo inguruan ibiltzen da eta Iruñeako Labriten debutatu zuen 2003ko 06ko 06an.
Mikel Urrutikoetxea, 26 urteko zaratamoarrak, ez du horrenbesteko palmaresik, lortzeko denborarik ere ez duelako izan. Profesional munduan, 2009ko ekainaren 13an debutatu zuen etxe ondoko Arrigorriagan, urte berean 2. mailako lau t'erdiko txapela jantzi zuen, aurreko urtean modalitate berdinean EHko lehiaketa ospetsueneko, Elgetan, irabazle izan ondoren. Puntaren puntan ibili arren, ez du entzuteko txapelketarik irabazi aurten arte. Oraingoan bai, esku pilotako saririk bereziena eta garrantzitsuena lortu duelako, Manomanista edo kantxa osoko buruz burukoa. Bakarra, oraingoa, baina Ladis Galartzak aspaldi galdetu zuenez, "zenbatek irabazi dute behin bakarrik ere?".
Palmaresetik hurbilagora, aurtengo jardunera lotuz, Urrutikoetxearen urtea dela ezin ukatu. Nahiz eta aurretik aukerak galdu, Irujok eta Oinatz Bengoetxeak, lesioen erruz, esku-hartzeari uko egin ondoren, Aimar Olaizolaren aurka finala jokatzeko beta izan zuen eta zinezko erakusketa emanez, azken hamarkadako pilotaririk handiena mendean hartuz, iragan ekainaren 28an (19-22) eta bere historiako txapelik ederrena bururatuz.
Txapela jokoan den aurtengo lau t'erdikoari lotuz, Irujo kristoren finalaurrekoa jokatuz sartu da final honetara (22-6 Bengoetxearen aurka), aurretik, Retegi Bi eta Xala emaitza berberarekin (22-15) kaleratuz final laurdenetan.
Benetan dirdiraz betea Mikel Urrutikoetxearen jarduna txapelketa honetan. Martinez de Irujo bera hartu zuen mendean (22-18) eta Retegi Bi (22-09) final laurdenetan, Xalaren kontra, sailkatuta eta errelaxatuz, galdu arren (14-22), profesional mailan jokatu izan dituen partidarik hoberenak jokatu ditu azken bi hilabete hauetan.
Laburbilduz, badirudi palmares izugarri baten aurka, une edo garai gozo bat bizi duen pilotariaren aukera dela. Arestian aipatu partida on horietan nabarmentzen da, kasurako, Mikelek berenganatu duen sasoi fisikoa, nahiko osorik bukatu zituelako partidu horiek. Urteotan Areitiorekin darabilen prestakuntza nabarmenduz. Bere aitormenez, bestalde, buruz sendotzen laguntzen omen dio, botillero lanetan daraman, Pablo Berasaluzek.
Sei egunen faltan, Bizkaia frontoirako 500 bat sarrera saltzeke zeuden baina, gauzak ondo, harmailetako 3.000 tokiak beteko dira datorren igande arratsaldean. Aurreikusiak agintzen duen kalitatea balu, beraz, gozatuko dugu.