Mikel Urrutikoetxea zale gehienen faborito azaltzen da aurtengo Manomanistako txapela janzteko orduan. Jokoan izan diren hiru handiak irabazi dituelako ez ezik, azken partidetan erakutsi duen jokoagatik. Berdin Binakako lehia osoan, berdin buruz buruko estreinaldian Joseba Ezkurdiari irabaziz. Urrutik partida ikaragarria jokatu zuen igandean Miribillako Bizkaia frontoian. Oreka gogorra mantendu ondoren (8-8) Ezkurdiaren joko erauntsiak nabarmen atzetik jarri zuen Zaratamokoa (11-17). Ez da erraza izaten horrelako emaitzekin tenplea mantentzea, baina Mikelek hori baino gehiago egin zuen. Botez, boleaz edo sotamanoz defentsa itzela erabiliz gain, tantoak bukatzeko duen iaiotasuna kantxaratu zuen. Eta, inolako tregoarik eman gabe 12-1eko partziala lortu 22. kartela gorrian, bere aldean, jarriarazteko (22-18).
Emaitzatik harago, Urrutikoetxearen azken garaipen horrek haren ezaugarri nabarmenak utzi zituen agerian. Lehenik zeinen fresko bukatu zuen. Kasik bukatu orduko, mikroa jarri ziotenean fresko, osorik, indartsu zegoen. Gogoan behar dugu izan, teorian, Ezkurdia jotzaileagoa dela bizkaitarra baino eta honek bolea eta gako eraginkorrez aurre egin ziola. Joko horiek egiten duenaren nekea behar luke erakar, baina partida horretan kontrarioaren kalterako izan zen. Jazoera honen azalpen bakarra Mikel buruz asko ziurrago, sendoago mantendu zela, Joseba moteltzen, ahultzen zihoan tartean. Partida gogorra, garaipen latza eta urrezko urratsa oraindik txapeldun denarentzat.
Finalaurrerako arerioa, Jokin Altuna amezketarra, laurdenik jokatu gabe dator finalerako pase horren bila. Juan Martinez de Irujok duen eskumako hatz bateko hausturaren erruz jokatu ezin izan duelako. Erremonte pilotari familiako gaztea, bizpahiru hilabeteko lesioaren ondoren, indartsu sartu da txapelketa honetara eta, bere esanean “ilusio ikaragarriaz noa Bilbora partida hori jokatzen”. Esan bezala, datorren maiatzaren 14an izango da norgehiagoko interesgarri hori.
Eibarko Astelena katedrala izango da, bestalde Leitzako Oinatz Bengoetxea pilotari fin eta konpletoa, 19 urte soilik dituen Iker Irribarria, Aramako aurrelari indartsuaren kontra arituko da. Ezer gutxi gehitu daiteke Oinatzen klaseaz eta esperientziaz, Iker bera ere, berri-berria izan arren bere iaiotasunak laster erakutsi ditu. Une honetan koadroan dagoen aurrelari jotzaile handiena bera da eta, finalaurre honetara Aimar Olaizola nagusia atzean utzita dator. Ez da txantxetako kartela.
Alde batetik, 40 urte dira nafar bakarra azaltzen dena Manomanistako finalerdietan eta, bestetik 2002tik harrezkero (2008an ezik) beti izan dira Juan Martinez de Irujo edo Aimar Olaizola maila horretan.