Askorentzat jakina da, honezkero, El Florido Pensil liburua, 1994. urtean Granadako Unibertsitateko irakasle madrildar batek Gerra ondoko irakaskuntza edo eskolei ironiaz egindako kronika bat dela. Izenburua osatzeko 'Memoria de la escuela nacionalcatolica' jartzen duela esanez ondo ulertuko da nondik doan umorezko testu hau. Bitxia da, Granadan idatzia, Bartzelonan irarria eta gazteleran izan arren, Euskal Herriko Tantaka izatea taularatu eta arrakasta handiz estatu osoan hedatu duen talde bakarra.
Adinean gora goazen orok, 1940, 50 eta 60ko hamarkadetan eskolara joan ginenok ondotxo gogoratzen ditugun pasarteak dakarzkigu gogora eta, bai hitzen ondorioz, bai Astoreka, Beitia, Calo, Irureta eta Lazkanoren berezko graziari esker, ordu eta erdi luzean, antzokia bete zuen jendeak barre algara ugari egiteko aukera izan zuen.
Eguneroko Cara al Sol, Oriamendi eta antzekoak kantatuz gainera, herriko abadearen asteroko bisitak, kantari ikasten ziren gaiak, ikuskariaren urteroko bisitak eta beste dozenaka pasadizuek irria eta barrea ez ezik, esketx bakoitzaren bukaeran txalo zaparrada luzeak eragin zituzten. Bost aktoreen maila ezagutuz, ez da harritzekoa behin eta berriz rolak aldatuz, bordatu egin zutela pertsonaia bakoitza. Ikustekoa, kasurako, Elena Irureta apaiz jantzirik azaldu zenean berari ere barrea atera zitzaionean edo Itziar Lazkanoren "seriotasuna" inspektore rolean azaldu zenean, besteak beste. Zinez unetxorik galtzeko ez duen ikuskizun ikusgarria.
Emakumeek egina izaki, bukaeran badu mutilenak ez zuen aldarria. Genero indarkeriaren kontrako aldarria, hain zuzen. Betiko garraztasuna adieraziz baina, kasu honetan ere, umore puntu jatorrarekin. Hainbat tokitarako iragarrita dagoen lanak ez du ikuslerik faltako doazen lekura doazela. Esatea, euskarazko bertsioa ikusi genuen arren, badutela gaztelerazkoa ere.