Bakoitzaren joko motari dagokionez, Zaratamoko behin behineko txapeldunarenak bizixeagoak dira Amezketako gaztearenak baino. Mikelek boleaz duen defentsan atzeratzeko edo botean ere piloteatzeko behar duen pilota mota du. Jokin atzeko koadroetara eraman arazteko, alegia.Txapeldunak badu Amezketako aurrelariaren frontis inguruan tantoak bukatzeko abilezia. Handik ahalik eta urrunen mantentzen saiatu behar, beraz.
Hori izango da Urrutiren ardura baina, hortik harago, aurreko kanporaketetan erabili ez dituen jokaldiak ere baditu, 26 urterekin jokoan izan diren hiru txapelak irabazi dituen bizkaitarrak. Azken txapelketan atzelari lanetan ikusi dugun arren, Mikel aurrelari peto petoa da eta behar izanez gero erabiliko ditu ondo darabiltzan jokaldi horiek; zabalera edo txokora dejadak eginez. Uste dut asko duela oraindik erakusteke, bere fisiko liluragarriaz eta burmuina ondo jarriaz.
Ez dio dena erraz jarriko Jokin Altunak. Debutatu zuenetik tantoa bukatzeko ausardi eta abilezia ikaragarria erakutsi du eta denbora gutxi eraman arren txundituta ditu ehunka esku pilotazale. Hogei urte berri ditu Amezketakoak eta ez du palmaresik erakusgai baina bai joko bizia eta orijinala, edozein arerio lekuz kanpo ateratzeko modukoa.
Buruz ere ez da batere motela. Zauria hartu aurretik menda jarrita du behintzat; Miribillako Bizkaia frontoia berari baino Urrutiri dagokiola bota zuen, hor jokatu behar zutela jakin orduko. Materiala aukeratu ondoren ere ez du aukera galdu gauza bera esateko: "Urruti faboritoa da eta gainera dagokion frontoian jokatzen dugu". Partidak jarriko ditu gauzak bere lekuan. Biak ala biak, dena den, gauza baten ados daude: "Galdu edo irabazi, dudana emango dut eta partida on bat egitea espero dut".
24 ordura, jokatuko da, Eibarko Astelenan, Buruz buruko final handi horretarako bigarren tokia betetzeko lehia. Leitzako Oinatz Bengoetxea beteranoak, aurtengo txapelketako ezusterik nabarmenenaren kontra. Oraindik 20 urte bete gabe dituen Aramako Iker Irribarria indartsua. Zale askoren ustez, Iker hainbat urteotan debuta egin duen aurrelari indartsu eta sendoenetarikoa da eta bere lehen Manomanistan hori erakusten ari da. Aurreko sailkapen partidak aise irabazi eta gero, oraindik profesional koadroetan dagoen goi mailako izar baten kontra lehiatu behar du Aramakoak eta Oinatzek ez dizkio gauzak erraz jarriko.