Eskupilotaz -eta euskal pilota oroz -arituz, urte osoko gertaera edota ikuskizunik erakargarriena da, eta izan da betidanik, zorioneko Manomanista. Ez da alferrik, txapel, garaikur eta sari guztien gainetik, urte osoan aldean eramango duen elastikoaren kolorea markatzen duena. Azken urtebetean Mikel Urrutikoetxeak daraman gorria eramango duelako, hurrengo urte betez, igandeko garaileak. Esku pilotan betidanik izan den ohore nabarmena.
Jokalariak ere horrela berresten dute; final bat beti da berezia eta kazetariok hori entzun nahi dugu. Aurtengoak, dena den, baditu bereizgarri gehituak. Jokalarien aldetik sekula izan den final gazteena da eta debuta egin ondoren azkarren jokatzen duena izatez gain -aurretik, lehen Ogetak eta gero Belokik urte askoz izan duten marka- bien adinak batuz ere, inoizko kopuru txikiena ematen du (19 + 26). Gero, datu zehatzak ematea luzea denez, hainbeste urtez nafar pilotarien esku izan den modalitate honetan, bizkaitar bat eta giputz bat egongo dira aurrez aurre.
Nor baino nor arituko den pilotarien estiloaz ere ba da zer esanik. Ez dut hurbileko historian gogoratzen, buruz-buruko txapelduna urte berean Binakako txapelketan atzelari gisa aritzea eta, hori gutxi balitz, joko izugarri ona eman eta txapela irabaztea. Honetan gainera, Mikelek badu beste bereizgarri bat, erdi edo atzeko koadroetan defentsan ez ezik boleaz pilota erasotzen, frontisean jasoz eta punpa atzeratuz ibil daitekeela. Aurrelari jaioa eta ohikoa dela aipatuz, bikoteka "ikasi" duenari tantoa bukatzen duen abilezia gehitu beharko zaio. Behin ere ezagutu ez dugun estilo batez ari naiz, kokagune bikoitzetan ondo mugitzen dena, alegia; aurtengo hiru txapel nagusien jabe izateak, berez adierazten duen joko mailaz gain. Dagokigun lehian, Ezkurdia indartsuaren aurka 11-17tik 22-19 joateak edo Altuna fina sei tantotan uzteak Mikelen joko puntua adierazten du.
Jokin Irribarria gaztea, ordea, aditu askoren ustez ezagutu den pilotari indartsuena bezala iragartzen da. Oraindik harmailetara hurbiltzen den Migel Gallastegirekin alderatzen dute, tartean besterik egon ez bazen bezala eta izan dira. Txapelketa honetan Arretxe, 14 tantotan, Jaunarena, 2an, Olaizola IIa 14an eta Bengoetxea 10an utzi izanak ospe bat ematen dio baina hiru hilabete eta 400 pilota zartada ez dira izar bat koroatzeko beste. Jokinek duen berezko hori ukaezina da eta etorkizun loriatsua izan daiteke baina Aramako kanpaiak lau haizetara eragin aurretik zerbait gehiago eman beharko du eta, lehena, igande honetan izan daiteke; askorentzat, aspirante beharrean faborito rolean dagoelako.
Tentsioa sortzen
Profesionaletan dagoenetik behin ere nabari ez diodan haserrea erakutsi zuen Urruti txapeldunak, materiala aukeratu ondoren Bizkaia frontoian, prentsaren aurrean. Otzaran -hautatu gabe- geratu ziren bi pilotaz aritu zen Mikel, biziegiak zirela esaka. Haren iruzkinak, gutxienik, bi ildotik ulertu beharrekoak dira. Urduri, inoiz baino urduriago dagoela Zaratamoarra edo horrelako ikuskizunak behar edo merezi duen tentsioa merezi duela. Final horietan gertatzen ez den bezala, oraindik hainbat sarrera saltzeke daudelako. Serio demonio azaldu zen behin behineko txapelduna. Bere adinari oraindik ez dagozkion aholkuak emanez: "Pilota mota hauek ikuskizunaren kalterako dira". Bada tartean aukeratzaileri eginiko kritika zorrotza ere baina hori, oraingoz, bi enpresek daramaten monopolioaren barnean kokatu behar da eta Peñagarikano jaunaren atzean enpresa horien indarra dagoela. Kazetariak titular baten bila hurbiltzen gara holakoetan eta Urrutikoetxeak, esandakoak indartuz: "Dudana emango dut eta ikuskizun eder bat ateratzea nahi nuke". Izan zen "sekreturen" bat eskatu ziona eta oraingoan Mikelek umore puntua atera zuen: "Ba nuke ere, zuei esanez sekretua izateari utziko lioke".
Irribarriak ez zion inolako aitzakiarik ipini materialari eta txapeldunari erantzunez, honek Altunaren kontra jokatzeko erabili zituen pilotak jarri zituen ikusmiran. Hainbat zaleek faborito rolean jartzen zutela entzuterakoan argi eta ozen erantzun zuen Aramakoak: "Bera da urteko txapelduna, urteko pilotari handiena, hark izan behar du faboritoa". Titularrak aipatu ditugunez, ba dirudi Jokin ez dela "partida on bat" egitearekin konformatzen: "Ni 22ra irizteko aterako naiz kantxara". Ez zion, bestalde, inolako aitzakiarik ipini Bizkaia frontoiari, aurretik inork Urrutirentzat egokia dela esan duen arren: "Denetan bezala, bertan entrenatu behar da neurriak hartzeko, ez besterik".
Urrutikoetxearen "pilotari konpletoa" edo Irribarriaren "indartsua" horietatik zein gailenduko den ordu gutxi barru ikusiko da Bizkaia frontoian edo ikusle datu handiak espero dituen EITBn. Txapeldun-gai berriaren abizen eta etorkizunez hitz joko bat egiteko gogoa, norbaitek gaztelerara itzul zidanean etorri zitzaidan, Esku pilotaren irri berria ote datorkigu?