Irri berri bat pilotan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2016ko eka. 2a, 08:20

www.aspepelota.com

Afizioa betidanik izan dut eta profesioa ere -kazetari gisa-; dozena bat urte baino gehiago erabat murgilduta ibili nintzen euskal pilotaren inguruan. 'Euskal' erantsi behar diot, kasurako Cuban, base ball edo beisbolari ematen dielako izena pelotak.

Gaur egun ere hor darrait paperetik harago zorioneko interneteko uhinetan; gaia hurbiletik jarraituz. Ulertzekoa beraz, joan den igandean Bilboko Bizkaia frontoian jokatu zen buruz buruko finala ez ezik, bi pilotariak azken horretara eraman dituen bidea ere asteburuz asteburu jarraitu izana. Atseginena hori izan arren, ez naiz aspektu teknikoetan arituko, hortaz beste aditu batzuk luze eta zabal esan edo idatzi dutelako asteon. Miribilla auzoko frontoian sortu zen giroaz eta Aramako garaile duina txapela janzteko zenean, mendean hartu zuen arerioari bota zion begiradaz (prentsa argazkietan nabarmen ikus daiteke) eta Goierri eta Gipuzkoa osotik etorritako gazte batzuek partidaren atal batzuetan izan zuten jarreraz.

Pozik egotekoa da 20 urte bete aurretik, pilota mota horretan ematen den saririk garrantzitsuena lortu izana. Gaztea eta indartsua behar du izan holako balentria erakusteko. Sasoiko eta heldua, zehaztuko nuke. Eskuz indarrez eman, ez ezik, burua ere argi izan behar duelako maila horretara iristeko. Inoiz baino zuzenago dagoelako igandekoa buruz-burukoa izan zela. Esku zartadaz harago, bata bestearen buru sendotasuna neurtu zutelako tantoz tanto. Heldua, aurten gorriz jantzirik, ikusiko dugun irri berria. Txapeldunaren abizenak joko hori egiteko bidea ematen digulako.

Zinez aitortu behar, ordea, ez zuela antzeko heldutasunik erakutsi Ikerrek, Mikeli mespretxu begirada hori bota zionean. Gazteegia da agian lorpen handi hori bere egiteko. Gazteegiak akaso, goiko harmailetatik hainbeste zarata eta oihu egin zituzten taldeak ere. "Futbolizatu" edo "saskibaloizatu" dela zalegoa esan zidan norbaitek. Neroni ere min eman zidan juezak merezitako tantoa eman ondoren, Urruti sakea ateratzera zihoanean bota zizkioten txistuak eta erdeinu oihuak.