Zinez nabarmena datu hori, atzokoan bai Jon Maia eta Arzallus txapelduna entzuten Santiago plazan –jasan ezinezko bero saparen pean- haren inguruko kaleetan eta Zazpi Kaleetan, oro har.
Zazpi Kaleak erabiliko dut, nire guraso –nire ama zena duela 104 urte jaio zen- edo haien garaikoei kasu egitearren. Casco Viejo, Alde Zaharra eta beste zerbait erabiltzen da baina, haien belaunaldikoentzat, Areatzatik Santantoirano errioa, Iturribide eta Errondak mugatuz dagoen gunea Zazpi Kaleaz izendatzen zuten. Barnean, Erronda eta Pilota kaleen dauden zazpietatik harago. Tori aittitte txotxoloaren beste lezio txiki bat edo . . . nik hala ikasi nuen behintzat.
Eztabaida eta aldarri franko izan zen Zazpi Kaletako ostalarien artean Aste Nagusi moderno hau sortu zenean jaia, eta beraz jendetza, Areatzako txosnetara erakartzearren. Ez nuen ulerti zeren kexa ziren, lehen ere, bariku zapatu salbu, inor gutxi ibiltzen zelako kale haietan, eguneroko txikitero frankoetatik aparte. Dena den, konpartsen aldetik ahalegin berezia egin zen Bilboren jatorrizko kale horiek edukiz, ekimenez eta jendez betetzeko. Izugarria izan kasurako atzo, zein gizaki pila mugitzen zen Torre, Perro, Santamaria, Barrenkale, Jardines, Bidabarrieta eta abarrean. Jendea eta giroa. Bertan ziran bertsolariak, bilbainadak, albokari banda bat, dultzaina joleak, orotako kantariak eda, batez ere, edale finak. Bermutaren ordu labur hori 13.00tatik, arratseko 16.00 inguru arte luzatuz. Zapatuak beste hainbestekoa emango duen esperantza dut.
Badoa, hortaz, pixkanaka 2016.eko Aste Nagusia. 800 ekintza antolatuei –eta antolatu gabeko askori- azkena emanik. Denak biziak eta batere ez soberan. Funtsezko kanpaina bati babesa emanez, sobera izan diren bakarrak, nazkatuta gaituzten eraso matxistak. Patxo Telleriak pregoian esan bezala "Que os den".
Ez dut gordeta utziko beste kontu hau ere. Jeloskor nago, Jeloskor, Lur Malleak Marijaiari begiratu diolako eta honek hari ere bai. Edo Pablo Milanesi kasu eginez “. . . la prefiero compartida . . .”