Miribillako Bizkaia frontoiak, egungo bakarkako txapeldun bien arteko bertsio edo edizio berri bat hartuko du larunbat honetan. Ikerrek Mikeli kantxa osoko aginte makila kendu ziona hain oraintsu egonik, Euskal Herrikoko frontoi nagusienak betekada ez bada ere, zale mordoaren presentzia espero da larunbat honetarako. Jakina denez, lau t'erdiko txapelketaren final laurdenetako ligaxkaren bigarren jardunaldia lehiatuko dute, hain zuzen lehenengoan, Amasakoak Victor errioxarrari eta Zaratamokoak Jokin Altunari irabazi ondoren. Lau hauek osatzen dute ligaxka honen ildoetariko bat. Sistema honekin, Bizkaian garaile ateratzen denak urrats handia emango du finalerdietarako asmoan eta, beste muturrean, Victor eta Altunaren artean galtzen duenak ia aukera guztiak itxita izango ditu. Denak ez, beti eman daitezkelako emaitza bitxiak.
Irribarria eta Urrutikoetxea, Iker eta Mikel, final honetara, egoera oso ezberdinetan datozela dirudi, kaiola distantzia honetan ez ezik binakako azken partidak kontuan hartzen baditugu. Bi lehia egin ditu Amasakoak hona iristeko, biak irabaziz baina joko erakustaldi edota garantiarik erakutsi gabe. Txapela jaso ondoren jokatutako partida zerrenda luzean, argi ilunak eskaini ditu baina bigarrenetik gehixeago. Ez dut zalantzarik egunez egun arituko dela kaiolako bereizgarri horietan entsaiatzen eta berezko duen indarraz baliatuz bere maila emateko izango dela Bilbon.
Etxekoa, ostera, bere bertsiorik hoberena erakusten dabil aspaldian. Atzelari moduan ere ikusi genuen Berasaluzeri egin zioten agurrean eta udan zehar bere ohiko tokian, aurrelari gisa alegia, bere formarik txukunena erakutsi izan du. Ligaxka honetan, Jokin Altunari eman zion lekzioak ez du dudarako tokirik uzten. Maisuki aritu zen partida osoan, uda honetan aurreko koadroetan, zalantza gabe, artisteena izan den Amezketako aurrelarien kontra. Urruti bere formarik gorenean dagoela dirudi eta bera da gaurkoz Lauterdiko txapelduna baina egiari zor dena beharko du, aurrean dagoena ere txapeldun peto petoa delako.