Gazteleraz asteburuko Bilboko kazeta batean antzerki kronika egiten duen bati honako hau irakurri nion: "En el Zornotza, Markeliñe estrena 'Euria'. No he podido verlo pero me fio". Izan ere urteak dira talde hau eszenan dabilela bere kalitatea bermatuz, bere lan sendo eta ideia argiei esker. Ez zuen ostiralekoan ere hutsik egin, ordu ta laurden batean, lepo bete zen aretoa zurt eginik utziz bere eboluzioaz.
Hitzik gabeko ikuskizuna izan arren, ba du entzumenerako gozaturik 'Euriak'. Tonu eta bolumen ongi neurtuan antzezlan osoan musika triste bezain gozo batez inguratzen zaitu zure basaulkian. Taulan, Jon Kepa Zumalderen eskua nabarmentzen de eskenagrafian, Fernando Barado, Natalia Garcia eta Ioar Fernandez aktoreak lirain bezain melodiotsu mugitzen dira; euri tanta batzuk, bi aterki, mahai txiki bat, esekigailu bat, plantxa ero bat, iratzargailua, berokia edo erreminta kutxa bat, beste elementu fisikorik gabe. Hori da dena. Horiek eta ilusioak edota imaginazioak espazioan sortzen dituen beste elemento guztiak.
Liluratik harago daramatelako ikuslea zeru edo ortzirako bidea egiteko eraikitzen duten tunelean edota ilargia zein eguzkia eta izarrak eskuratzerakoan. Horiek edo istorioa erakusteko behar izan zituzten lanabesa denak. Iratzargailuak ez ezik eguzkiak, jeiki eta aurrera egiteko dugun gaitasunaren metafora adierazi nahi duela dio, aurkezpen txostentxoak ere.
Tartean esan bezala, aktoreek eta eszenografia bikain, teknika txukuna -nahiz eta hasieran hutsegite txiki bat izan- eta ikusleen erantzuna ikuskizunak merezitako neurrian. Zentzu literalean, ikusgarria.