Kale edo bale, Labrit eta Astelenan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko mai. 12a, 12:10

www.aspepelota.eus

Final aurrekoetan emozioek agintzen dute, lau pilotariak joko puntu bikainean daudelako.

Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak irekiko dute Iruñeako Labriten, urteoro esku huska pilotak duen txapelketa nagusiaren final aurreko jardunaldia. Azken sasoietan betekadak erakusten dituen frontoi bakarra da Labrit eta maila honetako partida batean ez du hutsik egingo. Urte asko da holakorik gertatu dela baina aurtengo manomanistan pilotari nafar bakarra izango da finalerako leku  eske, edo lehian, eta zalegoak bete betean babestuko du Leitzako artista, Oinatz Bengoetxea. Babes hori beti estimagarria bada ere, buruz burukoetan ia ezinbestekoa iruditzen zait.

Hala eta guztiz, partida hasi aurretik, Mikel Urrutikoetxea katedraren faborito moduan azalduko dela dirudi. Batak eta besteak eta frontoi zaleak ondo dakiten arren "Faborito kartelak ez duela partidarik irabazten". Mikelek partida gutxi jokatu ditu binakako lehiatik landa gelditu zanetik baina jokatu dituenetan joko puntu bikaina erakutsi du. Behin behineko txapeldun ordea da Zaratamoko aurrelaria eta Joseba Ezkurdiari eman zion lekzioa dugu azken erreferantzia. Partidu horren ondorengo iruzkinek, Bizkaia frontoian, dena ongi egin duenaren sentsazioa adierazten zuten. Zero akats.

Oinatzen erreferentziak ugariagoak dira, banakako hartan finalera iritsi eta zalantza gutxiz, partida horretako hoberena izan zelako Leitzarra. Inoiz baino joko puntu hobean dagoela dirudi eta urte pila honetan jantzitako esperientziaz gainera. Ez dut partidarako funtsezko iragarpenik, bai ordea partida handia aterako denaren susmoa.

Iker Irribarria txapeldunak eta binakakoan babes, lagun eta kide izen duen Beñat Rezustak era guztietako originaltasunak betetzen dituzte. Aspalditik ez dira giputz bi izan final aurreko batean, aspaldiko atzelari bakarra, binakakoa irabazi berri dutenak elkarren kontra, biak ezkertiak eta abar. Esan gabe doa hauen joko maila ere non jarri behar genukeen, azken bost hilabeteko txapelketan galtzea zer den ia ahantzia izan dutelako. Partida arraroa iragartzen dut, dena den, egungo txapeldunak faboritoaren kartela esekita. Oraingoan ere topikora jo dezagun "Faboritoa bai, baina partidak jokatu behar dira".

Hamabosta geroago, esku pilotarik hoberena Bilbon izango dugu berriro, Final Nagusia Miribillako Bizkaia frontoian jokatuko delako.