Dizdirarena neurria hartzeko da, hitzordurako bost egunen faltan oraindik 800 edo 1.000 sarrera saltzeke daudelako. Batzuek prezio garestiegiak aipatzen dituzte, besteek internetez soilik erosi ahal izatea, baina aspaldiko urteetan salneurri bera izan dute eta azaldu orduko desagertu ere bai. Batetik, Bizkaia frontoia handia da, 3.000 jesarleku eta, bestetik, ukaezina dela XXI mendeko zalantza gabeko izarrak, Aimar eta Irujo ez daudela kartelean. Pilotaren historian, gutxi batzuk izan dira frontoiak betetzeko gauza. Garaian garaiko, Atano, Ogeta, Arroyo/Panaderito, Retegi, Titin, Goñi II edota gutxi gehiago; aipatu berri ditudan Olaizola II eta Martinez de Irujo. Bada, oraintxe, bide hori daramana baina oraindik hasiberria besterik ez da, igande honetan irabazteko gehiengoaren faborito aterako den, Iker Irribarria.
Urte askoz pilotari bikaina izan zen Ladis Galarzaren Irribarriari buruzko adierazpenak edozen titularrera eramatekoak dira; "... espektakulu bat da jokatzen ikustea" zihoen, "...duen joaz gain jokatzen eta tantoa egiten ere asko ikasi duelako". Oraintsu arte Ruben Beloki geneukan gaztetasun eredu bezala, Bartzelonako OOJJetan 18 urterekin urrea lortu eta jarraian debutatu zuenean, baina azken urteetan adin horretako hainbat gazte ari dira profesionaletan jokatzen, baina Irribarria soilik maila goren horretan.
Faboritoak faborito, partidak jokatu egin behar dira. Frontoiak hainbeste aldiz entzundako hori edo "22ra iritsi arte..." igande honetan ere present egongo da Bizkaia frontoiko kantxa eta harmailetan. Ez esames hutsagaitik, Oinatz Bengoetxea pilotari konpletoa eta artista delako; aurten bi final jokatzetik hirugarrenera datorrela eta sasoi ezin hobea erakutsi duelako azken hilabeteetan. Buruz buruko honetan erakustaldiak eman ditu eta Binakako finalean bera izan zen, zalantza gabe, laukoteko hoberena. Adi, beraz, leitzako pilotari artistak mahukan gordeta duen bateko urrea edo, beste gabe, aspalditik dariola daraman jokoa.
Behin behineko txapelduna Iker Irribarria da, titulo horiek ez dira berez edo gehiago barik lortzen eta, egiari zor, hura lortu zuenetik gaurdaino, urte bakar batean, asko ikasi du Aramako ezkerrak. Esan gabe doa, Oinatz bezala, zehatz demonio prestatzen ari dela igande arratsalde horretan duen partidan dena eta hoberena emateko.