Besoak zabal zabalik bere bular edota altzoan amultsu hartuko ditu ere jaizaleak. Milaka izango dira gure Marijaiaren laztana edota begirada jasoko dutenak, gaurtik aurrera dauden bederatzi egun eta beste hainbeste luzez. Badator Marijaia eta harekin 200 ordutik gorako jaia, jarana, barulloa, desenfrenoa eta dagoiena.
Badator Marijaia eta berarekin batera Nati Ovelleiro pregoilaria Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren izenean hauen beharrak eta eskubideak aldarrikatzera. Natik onartzen du, ihazkoan Patxo Telleriak goi mailan jarri zuela pregoiaren maila, baina berean ere badu zereasanik . . . eta esanen du. Askapeña konpartsako Ane Ortiz arduratuko da, gaur Arriagan ez ezik, egunero jai jardunari abiada emateaz, pozarren hau ere ohore handi bezala onartu duelako ataza hori. Biak ala biak agenda edo zerrenda luzea bezain mardula dute hurrengo egun guztietarako. Biak ala biak, bata ala bestea, Nati edo Ane prest daude kasurako, arropak egiteko oihal arinagoak erabili dituztelako. Marijaik daroan jantziaren bezelako zeta ote da?
Urtero bezala, Arriagako atari areto nagusia, jende ezagunez bezala hedabide ordezkariz blai egongo da, dezenteko sargorian -hau ere urtero legez- lehen zapi ofizialak eta koktela banatuz, Aspaldiko! eta Kaixo! batzuekin batera besarkada eta musu batzuk elkar partekatuz. Dena ere, erdi erdian kokatuta, irribarrez, besoak goian zabalik denari onarpena emanez, goiko solairura eraman aurretik, Marijaia dagoela. Dotore aurten ere, hain polita den eta hain harro erakusten duen zetazko gona horrekin.