Aste Nagusia 2017

Tradizio bihurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko abu. 20a, 10:38

Berritzailea zen, ezer izatekotan, duela 39 urte Semana Grandetik Bilboko Aste Nagusiara jauzia egin zuen egitaraua. Berritzailea, iraultza, modernoa, originala, batez ere denok eta edozeinek esku hartzeko era ematen zuena eta abar.

Berri usain hori hainbat urtez zerion arren, urteak bata bestearen atzetik datozkigu eta, onerako eta txarrerako, ez alferrik. Larogeikadan heldutasunera iritsi zela pentsatzekoa da. Konpartsek indartu  eta Udalarekin hainbat eztabaida izatearekin, alegia. Mendearen azken hamarkadan erabat sendotua, elkarte bikoitza egiteko urratsak emanez eta XXI mende honetan, ordurarte 23 urtearen esperientzia aprobetxatuz, handituz eta zehaztuz tradizio egitera bideratu da BAN (Bilboko Aste Nagusia).

Gaurko, lehen igandeko, egitaraua irakurtzerakoan  iritsi naiz ondorio honetara. Buruz nabil, artxiboetara jo gabe, alegia, baina 10.00etan Diana eta Txupina; 11.00etan Erraldoi eta buruhandien irteera Museotik edota Zabalbidetik behera goitibeheraren karrera, dagoeneko "Open" izen handinahiaz korritzen dena; 12.00etaan Bilboko musika banda Areatzan, bilbainadak Doña Casildan eta, ordubatetik aurrera antzeko kanta horiek Zazpi Kaleetan eta bertsolariak Santiago plazan, besteak beste. Mostra txiki bat gogoratu nahi nuen, ez egitarau zerrenda, aurreko aspaldiko urte askotakoaren pareko edo ia berdina dela azpimarratzeko, tradizioa sendotzen goazela. Ez dakit oraingoan jarraitzen duten baina urte askoz bazkal ondoko biao edo siesta ere programatua zegoen.

Tradizio bilakatzen doa, tamalez, hiriburu eta herri gehienen jaien aurkezpenean genero indarkeria saihesteko eskari eta deiadarra. Azken egunotan euskara hobetzearen alde ahalegin bat nabarmenduz gainera "ez ez da" edo antzekoen ordez, "ez ezetz edo ezetza da" esanez "no es no"ren  itzulpen jatorragoa dela uste dut. Kanpaina gehigizkoa dela uste dutenik ere ba da baina, Tira! Ea helburua lortzeko balio duen.