Antzeko zerbait jazotzen da herri kirolen munduarekin. Jakina da alor horretan apustu eta erronkak izaten direla jendea erakartzeko. Bilbon egiten ez direnak beste bitxikeri mordo batez ordezkatzen dira, eta ikusgarria izaten da lau egun horietan Areatzako errepidetan biltzen den jende pila. Aurtengo bitxikerien zerrenda osatuko dut arestikoa frogatzeko.
Hasteko, egun, Euskal Herrian dauden bi aizkolari handienak aipatuko ditut. Aitzol Atutxa dimoztarrak aspaldiko lehiak txapel batez estaltzen ditu, eta ofiziorako oraindik urte asko eta asko gelditzean zaizkiola esan behar dut. Hurbil darraio oraindik hogei urte pasa besterik ez dituen Iker Vicente otxagabiarrak. Nor edo nor arituko dira Areatzan Urrezko Koparen sailkapenerako lehian. Vicenteren bitxitasuna: duela bi aste Gasteizen egin zuen erakustaldi bat youtubera igo zutela eta 24 orduz 25 milioi ikusle lortu zituela. Hau bai marka! Asteazkeneko ikuskizuna harri jasotzaileak osatuko dute, Inaxio Perurena leitzarrak, harri handiekin (150/270 kilokoak) eta Zelailuze mallabiarrak txikiekin (100/150 kilokoak)
Osteguneko egitaraua emakumeei eskainia da, bost modalitatetan kirol hauetan aritu diren aurpegi ezagunekin. Soka tiran Laukiz eta Goierriko taldeak arituko dira, harri proban Arriti talde arratiarra, txinga eramaten Nerea Egurbide eta Garazi Arruti, harriak jasotzen Karmele Gisasola eta Idoia Etxebarria eta, bukatzeko, Irati Astondoa eta Alazne Etxeberria aizkolariak arituko dra. Ikuskizun anitzak, bata bestearen atzean.
Ostiralarekin batera Izetatarren jaia edo erakustaldia dator. Leinuko lehena erretiratzear dagoen honetan -esan zuen uda bukaeran edo utzi behar zuela- leinu osoa martxan jarri da BAN honetarako. Lau belaunaldi izango dira plazan, azkeneko kimuak, 7 eta 9 urtekoak, dagozkien neurriko harriekin ere egingo dutelako erakustaldia. Merezitakoa, hauek amaitzerakoan, Izeta I eta Julian Larrea Erregatoko 88 urteko kirolariak jasoko duten herriaren eta kirolarien omenaldia.
Omenaldiaren aurretik, zortzi gizon probalarik erronka berezia jarri dute: Mungiako 4.300 kiloko harri "mitikoa" mugitzea. Diotenez, duela 75 urte 14 gizonek edo egin zuten. Hamaika ikusteko jaioak gara!
Larunbatean, sailari amaiera emateko, jadanik bertokoa egin den sei modalitateko torneoa eta barrenarien Liga beste sei talderekin egingo da. Ikusle latza izaten dute, lehiaren interesaz gain, alboko herrietatik hirira-larunbata izaki- datorren jendetzagaitik.
Egun argiko ikuskizunaz ari natzaizue egunotan, hurrengoan gau iluneko kontzertu edo jaranetara eramango zaituztedalaren promesarekin.