Epaileek denen gustua egin duten edo ez beste kontu bat litzateke baina irailaren 23.ean Baigorrin hasi eta hona, 42 punta puntako bertsolarik bakoitzaren dohainak erakusteko aukera izan dute 13 saio edo jaialditan, 43.a kadira edo aulkian zain izan duten bitartean.
Aitormen batez hasko dut iruzkina, memoriak normalei baino gehiago laguntzen diot norbaitek gogoarazi dezadan baino lehen. Matrioska izenburuz argitara nuen Deian, Maialenek jantzi zuen -edo zioten, Jose Agirreren presentzia hunkigarria gerta zelako- txapelaren inguruko zutabea. Lujanbiori entzutea gehiegi gustatzen ez zaion arren, begi bistara azaldu zen data hartan -orandik dirau- Txapel Handi hori andrazko batek janztearen marka edo bereizgarria.
Pilota edo beste banakako kirol bait bailitza, zortzi finalisten dohaien eta aukeren analisi edo iritzi xumea idazteko tentazioari atea irekitzen diot, ahalik eta inpartzilen hasteko alfabetikoki lerrokatuz. Ez, dena den, Bertsozale Elkarteak edo ez dakit nork egin duen bezala izenen ordenez, abizenak kontuan hartuz baizik.
Banan bana
Oraingoan aukera edarra ematen dit 2017.eko finaleko berrikuntza bakarra aurkezteko. Berrikuntza eta sorpresa, finalisten zerrenda eman zutenean Iruñean, Unai Agirreren izena gertatu zen txalotuena. Horixe da hain zuzen, hernaniarraren dohairik behinena. Aurrean duen entzulearengana zuzen iristea, humore punttu aberatsa ahantzi gabe. Ez dut ikusten azken banakakoa jokatzen, areago bosgarrenetik atzera baizik.
Behin behineko txapeldunaren dohai eta balioak neurriz zabaldu ziren, duela lau urte, Txapela lortu zuenean. Aurtengoan ere, Amets Arzallus, maila handia emateko dago ia zalantza gabe. Zehatza eta orijinala izateaz gain ziiurtasuna du bere banderetako bat eta brillantea izatera iristen da batzuetan. Banakakorako hautagai dakusat.
Urruñarra, duen adiñerako, beteranoetarikoa da Txapelketa Handian. Iruzkin hau dakart aspaldi utzi zen Anoeta belodromoko oholtzan ikustearen oroimena dudalako eta jardun aberatsa esango nuke. Sustrai Colina berak aitortu du orduan edo duela 4 edo 8 urte baino "asko bertsolariago" dela eta neronek ere horrela ikusi dut final aurrekoetan. Lehen bosteen barna sartuko delakoa dut eta berak han goian egongo dela uste du eta ilusio horrek goi indar bat emango dio.
Bakoitzaren esanak kontuan hartu nahi izan ditut eta durangar honek Urruñarraren antzeko adierazpenak izan ditu. Alegia, inoiz baino ikasiago, helduago eta preparatua sentitzen dela. Egiari zor, zortzikotetik bost, hogei bat urte daramatza goi maila horretan eta Igor Elortza durangarra da holako bat. Asmorik onenekin igoko du oholtzara eta besteek esaten ez dutena dio, gai sozialak dituela gustuko eta bakarreko ariketan luzitu nahi duela. Sekula baino animotsuago dakust Igor. Dohain bat aipatzearren orijinaltasuna esango nuke.
Taldeko gazteena izan arren, ezin esan añorgarra berria denik autu hauetan. Aurrekoek haren buruaz diñoena nabarmena da Beñatengan. Alegia, urtetik urtera eta, areago txapelketatik txapelketara helduago eta ikasiago azaltzen dela Beñat Gaztelumendi. Bertsoak zehatz, txukun, perfekzioari begira osatzen ditu. Puntuak pilatzeko bidetik, noski. Igande arratsaldeko etapa bukaeran pelotoian erdi inguruan kokatzen dut.
Arestian Matrioska aipatu dudanean, seigarren protagonista honetaz ari nintzela atzemango zen. Emakume hori handitua ikusi nuela 2009.eko final hartan eta bere magalean edo barnean beste zazpi panpinak, zazpi errusiako panpin horietako zenbaki majikoa delarik gainera. Aurtengoan, oholtzara igo zuen lehenbizikoan beste marka bat egin zuen. Ez, Sarriegi handi bati 45 puntuko aldea ateratzearren soilik, kartzelako gaian hiru bertso antologikoak josi zituelako. Faboritoena ikusten dut Maialen Lujanbio hernaniarra (Bi hernaniar final batean) indartsu dagoelako, saio denetan erakutsi du hori neurri on baten.
Beste batzuei buruz aipatu ditudan dohain batzuk, zehatza, ziurra, perfekzio zalea eta abar, bereziki hezur mamitzen dira Aitor Mendiluze andoaindarrengan. Denak ala denak ere ba dira baina, mila aldiz entzun ondoren, Aitorrek benetako bertsolari profesionala ematen du beti. Kuriosoki, zortziren artean bera dela dirudi Txapelketa preparatzeko saio berezi gutxien egiten duena. Horregaitik du asko naturaletik, berezkotik. Igandeko sailkapenean goian ikusten dut.
Bertsolari konpletoa hau ere baina Aitor Sarriegiren dohaina inora bideratzekotan plazara bidaliko nuke. Inor gutxietsi gabe, beasaindar hau plaza gizonaren estereotipoa dela iruditzen zait. Bertsoa erraz, puntua hortzetik hortzera, patxada eta konfiantza itxura oholtzan. Txapelketarako gertakizun txukuna egin duela nabari zaio, 700 puntu ingurura hurildu edo gaindituz final aurreko saioetan. Eman lezake goi goian egoteko sorpresa baina, hori, sorpresa izango litzateke.