ZORTZI urte dira, bi egun gora behera, Matrioshka izenburuarekin urjentziazko zutabe bat bidali eta editatu nuena. Titulua, besterik ez. Ez dut gogoan eta ez litzateke harritzekoa orduko testoaren antzekoa izatea gaurkoa. Sentsazioak bai gogoratzen ditut eta hauek bai ziur lirateke antzekoak; atzokoan, berriz, bertso mailaz gain emozioak gainditu duelako BEC handia ez ezik, Euskal Herri osoan soporte mota guztien bidez finala jarraitu duten hainbat mila bertsozale eta, bota dezagun, hain zale ez direnak ere. Lau urtez behin Txapelketa Nagusiak milaka askorengan duelako eragina.
Barka iezadala edozeinek edo Maialen berak Matrioshka izena erabiltzearren, bere barnean, bere altzoan gorde dituelako zazpi kideak, panpin errusiar horrek handitik txikira gordetzen dituen moduan. Ez da, oraindik, iruzkinetarko egon Hernaniko txapeldun handia baina behin behineko definizioa ematerakoan 2013.ekoa -zentzu askotan- 'lehena' izan bazen, atzokoa 'lanarena' bezala izendatu zuen.
Beste lau urtez bertsolari onenaren ikurra, ofizio honek izan duen edota duen filosoforik handienaren buruan iraungo du eta, duen adinean, beste hainbatetan jarraitzeko moduan. Aurtengo lehian oinak oholtzan jarri zituenetik, Lujanbio nabarmen erakutsi zuen inoiz baino indartsuago zetorrela, lehen agerraldian, Irunen, 750 puntu lortzetik harago, historiara igaro diren hiru bertso zoragarri kantatuz. Etzen kasualitate bat.
Ordukoan ere Sarriegi bigarrenari 45 puntu kendu zizkiotelako, gaur Mendiluze handiari kendu dizkion beste. Puntu denetatik harago, Maialenek BEC Arena lepo betetzen zuten ia 15.000 ikusentzule eta, arestian esan bezala, hedabideetatik jarritu dutenek liluratu, seduzitzeko kapaz izan da. Atzokoan ere berdin izan dio, etxetik alde egin eta bueltan drogata edo ertzainei ihesi doan putaren rolean sartzea. Bata nahi bestea, eta edozein, urrez janzten duelako. Txapela buruan duela ere, bertsoak ". . . herria hau herri egiteko . . ." bidean jarri eta dedikatoria ilusionagarri bat bidaliz "Txapel hau gerokoentzat . . ." igorriz.