Albiste 'sinpatikoak' ematen dituzte panelok noizean behin. Uste dut egun osoan albiste bera errepikatzen dutela behin eta berriro. 'Irri berriak' izan litezke, edo 'Buenas nuevas' nahi baduzue... baina ez. Bilbo kosmopaletoan bizi gara eta, noski, "Smile News" dira tuit baten luzerako albiste labur horiek.
Sarritan erreparatzen diet: zentzugabekeria galantak izaten direlako gehienetan, eta euskarazko itzulpen automatikoak Marimaistra odolusteko modukoak direlako.
Baina gaurkoa larregi izan da. Ahobete hortz utzi nau 'albisteak', begiak igurtzi egin behar izan ditut, ikusten ari nintzena ezin sinetsita.
Gure erakunde publikoek sortutako garraio publiko batean, gure zergekin ordaindutako panel elektroniko sarean, zer eta ondoko mezu hau irakurri dugu igandean bertatik pasatu garen milaka erabiltzaileok:
Hortxe: to eta no. Gaztelera munduko hizkuntzarik positiboena da, ez euskara edo -kasurako- Euskal Herrian gaur egun hitz egiten diren beste 150 hizkuntzak bezala. Horiek denak negatiboak dira, edo, gutxienez, gaztelera baino negatiboagoak.
Zeren noski, mezua bera txotxolokeria galanta da: noiztik dira hizkuntzak positiboak ala negatiboak? Noiztik batzuk besteak baino positiboagoak? Mezua hutsala da, ez du mamirik. Baina ttak! Hortxe dardoa, gaztelera beste edozein baino hobea da, one more time. Gero esango digute euskara prestigiatu behar dela, edo kanpotik etorritako hizkuntza eta kulturak ere errespetatu behar ditugula eta aberasgarriak direla... baina ikusi, ikusi aldi berean zer mezu zabaltzen ari den euskal zerbitzu publiko batetik.
Eta ez pentsa kontua hor geratzen denik e? Jokaldia borobiltzeko, 'albistearen' euskarazko bertsioa agertu arte itxaron beharra dago. Bilboko Metroak hainbesteko errespetua dio euskarari, horrenbesteko ahalegina egiten du euskara prestigiatzen, ezen lehengo mezuaren euskaraketa ondo egiteko lanik ere ez baitu hartzen. Hona 'albistearen' euskarazko testua:
Ikusten? Euskaldunok beti haserre eta beti protestaka, ez beti pozik eta alai bizi diren erdaldunak bezala! Azkenean kartelak arrazoi!
Tira, erreklamazioa bidali diot Metroari, hainbat galderarekin:
- Hizkuntza politika jakinik ote duten, bereziki euskarari dagokionez
- Ez badute, zergatik ez duten
- Baldin badute, nolatan den posible halako mezu bat barra-barra zabaltzea Bilboko erdialdeko geltoki guztietan (euskarazko sasi-itzulpena eta guzti)
- Zer egingo duten halakorik berriz ez gertatzeko
Nahi baduzue porra bat egingo dugu, erantzunik etorriko ote den...