URIOLA Laguntzaileak

Pauso txiki bat norberarentzat...

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Rojas 2017ko mar. 14a, 09:42

Aho txikiarekin esan ohi dugu, baina hortxe dago datua. Ahaztu Gipuzkoa sakoneko herrixka bukolikoak. Ahaztu UEMA. Ahaztu arnasguneak. Euskal Herrian –zer arraio, munduan!– Bilbo dugu euskaldun gehien bizi den udalerria.

Planeta osoan ez dago beste udalerririk, berak bakarrik 60.000tik gora euskaldun biltzen duenik. Baina aho txikiarekin esaten dugu hori –utzidazue neure burua bilbotartzat hartzen, Metroa etxe atariraino iristen zait eta!–. Beste 280.000 erdaldunez inguratuta, haien artean barreiatuta bizi garelako. Be Basque International Capital of the World kosmopaletismo handinahiak zokoratuta gaituelako munduko hiritartasunaren izenean. Ekialderago bizi diren benetako euskaldun jatorrek ere ez gaituztelako oso seriotan hartzen. Guk geuk ere ez dugulako geure  burua serioegi hartzen.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa dugu euskarazko toki komunikabide bat Bilbon. Bilboko euskaldunok elkarren berri izan dezagun. Bilboko erdaldunek ere bertan bizi garen euskaldunon berri izan dezaten. Eta Bilbotik kanpokoek ere jakin dezaten hiri moderno, kosmopolita eta post-industrial honetako espaloietan barra-barra dabilela Aitorren hizkuntza zaharra: asfaltoan hara eta hona, natural-natural.

Bilboko 60.000tik gora euskaldunok, egunero inguruetatik Bilbora mugitzen garen euskaldunok, behar dugu —merezi dugu— gure hizkuntzan arituko zaigun medio duin bat; porlanezko basoan euskaraz mugitzen den jendeari zer egiten ari den kontatzeko aukera emango dion tresna bat; eguneroko elkarrizketetarako mintzagaiak euskaraz emango dizkigun medio bat. Euskara Bilboko Mapamundian jarriko duen medio bat.

Ados zaude? Prest zaude halako medio bati garatzen laguntzeko? Orain duzu aukera: URIOLA Laguntzaile egitea pauso txikia da norbanakoarentzat, baina handia Bilboko euskal komunitatearentzat...

 

[Saretu, babestu, indartu! Izan zaitez URIOA Laguntzaile!]