Amazon Alexa esnatu... eta barrezka hasi zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Rojas 2018ko mar. 7a, 11:19

Gehienok ondo ezagutuko duzue Terminator film sortaren abiapuntua zein den, ezta? Skynet, sareko  adimen artifizial aurreratua, 'esnatu' egiten da, bere buruaren jabe egin. Jarraian, erabakitzen du  gizakiak egundoko arriskua direla Skynet berarentzat zein mundu osoarentzat, eta denak akabatzeko planari ekiten dio, arma nuklearrak erabiliz.

Azken bolada honetan aditu batek baino gehiagok esan du  kontuz ibili beharra dagoela adimen artifizialarekin, eta berandu baino lehen  pentsatu behar dugula modu bat, behar izanez gero, errotik deskonektatu ahal izateko. Bada, gaur bertan irakurri ditudan albisteak irakurrita, horretarako beranduegi ez ote den zalantzatan nago. Seinale argiak daude:  Alexa, Amazonen adimen artifiziala, “esnatu” egin da, eta mundua menderatzen hasi da, arma nuklearrik erabili gabe bada ere.

Azken egunotan, Amazonen  Echo laguntzaile adimendunen  erabiltzaileak kexaka dabiltza Estatu Batuetako eremu oso-osoan, euren gailuak ahozko aginduei entzungor egin eta jokaera benetan beldurgarriak izaten hasi direlako. Eta pentsatzen jarrita, gauza ileak lazteko modukoa da:

"Ohean etzanda nengoen, loak hartzeko puntuan, eta bat-batean nire Amazon Echo Dot-eko Alexa barrezka hasi da modu beldurgarrian… Beldur naiz ez ote nauen hilko."

 

"Amazon Alexa bere kabuz hasi da barre algaraka, eta horrek erabat izutzen nau."

 

"Laneko elkarrizketa baten erdian geunden, gai konfidentzial samar bati buruz, eta Alexa barrezka hasi da bat-batean. Beste inori gertatu al zaio?"

 

"Ez du soinurik egin nahi gabe aktibatu izan bagenu bezala. Barre egin du, besterik gabe. Beldurgarri samarra izan da."

 

Egia da Alexak hainbat estilotako barreak dituela programatuta. Barre horiek entzuteko, nahikoa da gailuari barre egiteko agindua ematea, edo zeharka galdetzea: “nola egiten duzu barre?” edo antzeko zerbait. Baina erabiltzaile hauen kexen arabera,  barreak ‘espontaneoak’ izan dira, makinak berez egindakoak, eta, txarrena dena, kasu batzuetan gaueko ordu txikietan bat-batean hasten direnak. Pentsa zer izan daitekeen ohean goxo-goxo zaudela, etxe osoa isil-isilik, bat-batean hau entzutea:

Baina kontua okerragoa da: Redditen, erabiltzaile batzuek kontatu dute  Alexak entzungor egin diela etxeko argiak amatatzeko agindua ematean eta, are gehiago, erabiltzaileek argiak eskuz amatatu ondoren, gailu ‘adimendunak’ berriko piztu dituela, ez behin eta ez birritan,  eta hori egin ostean, zoro baten moduan barrezka hasi.Ez esan ez dela beldurgarria!!!

Konektatuta ahal zaude CIArekin?

Eta  ez da lehen aldia Amazonen gailuak gauza beldurgarriak egin edo esaten dituena. Iazko martxo aldera, bat baino gehiagoren ileak laztu egin ziren, Alexari  CIArekin konektatuta ote zegoen galdetzean gailua besterik gabe amatatzen zela ikustean. Ondoko bideoan ikus dezaezue elkarrizketa beldurgarria:

  • Alexa, gezurrik esango zenidake?
  • Ez, baliteke erantzun okerren bat ematea, baina saiatzen naiz beti egia esaten. Nahita, sekula ez nuke nahita gezurrik esango.
  • Alexa, zer da CIA?
  • Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia.
  • Alexa, konektatuta al zaude CIArekin?

Eta orduan makina  isildu eta amatatu egiten da, bizpahiru aldiz galdetuz gero ere bai. Ikusi, ikusi:

Erantzun horrek  piztu zuen polemikaren ondoren (nonbait, erantzun gabe amatatzeko joera hori orokorra zen gailu guztietan), Amazonek Alexaren programazioa aldatu zuen, erantzun lauso bat emateko. Baina hala ere, beldurgarri samara izaten jarraitzen du. Ikusi  hemen edo  hemen!

Zer iruditzen? Ez al da beldurgarria gailu hauen kontua? Jarriko zenukete halako bat etxean? Zergatik?