Batek baino gehiagok galdetu didazue zergatik, nola eta -batez ere- posible ote den Facebooketik kanpo bizirik jarraitzea. Eta bueno, pentsatu dut idatziz azaltzea kontu guztia, baten bati balioko diolakoan. Sarrera bakar baterako gauza lartxo izan daitekeela pentsatu dut eta, horregatik, hiru zatitan egingo dut hurrengo egunotan (bitartean bat-bateko nagialdi basati horietako batek harrapatzen ez banau, behintzat!). Gaur kontatuko dizuet zergatik irten naizen Facebooketik. Eta hurrengo ‘ataletan’, nola egin dudan, eta azkenik, zeintzuk izan diren ondorioak-edo.
Et, et, et! Pentsatu ere ez, e? Badiotsut: batek baino gehiagok galdetu dit zer dela eta itxi dudan nire Facebook kontua, eta horixe kontatzera nator. Nik egin izanak ez du esan nahi zuk ere egin behar duzunik, noski. Nahiz eta, egia esan, pozgarria litzatekeen norbaitek nire ideia/iritzi hauekin bat egiten duela ikustea.
Zergatik ezabatu Facebook kontua
Sekula ez naiz izan Facebooken oso zale sutsua. Beti izan dut inpresioa informazio larregi ematen duela, eta gainera, gero eta ulergaitzagoa egin zaidan logika baten arabera. Urteak egin ditut erabiltzaile gisa, eta sekula ez naiz gauza izan %100eko segurtasunaz esateko argitaratutako azken argazkia edo testua nire lagun guztiek, lagun batzuek soilik, ala kristo guztiak ikus zezakeen. Seguruenik neure akatsa izan da, pribatutasun aukerei arreta handiagoa ez eskaintzearren. Baina zer nahi duzu esatea, sare sozial bat neurriz maneatzeko ingeniari aeroespaziala izan behar baduzu, ba igual ez du balio entretenimendu gisa, ezta…?
Hori esanda, aitortu behar dut zalantzaren aurrean, nire jarrera orokorra beti izan dela: “bueno, finean berdin dio argitalpen hau nork ikus dezakeen. Total, ez dut beste munduko ezer kontatzen”. Facebooken inguruko galdera tipiko bat -garai batean behintzat- izan da “Eh, baina ez zaitu ikaratzen zure informazioa CIAren esku geratzea?”. Horren aurrean, nire jarrera asko eta askorena bezalakoxea izan da beti: “joer, zertarako nahi izango du bada, CIAk, nire informazioa? Ezer gutxi egin dezake hor jartzen ditudan huskeriekin!!!”. Bai, aitortzen dut: jarrera ganorabako samarra, mea culpa. Baina, Euskadi Irratiko 2009ko erreportaje zaharruno honetan esaten nuen bezala, CIAk baino beldur handiagoa ematen dit enpresa pribatuek zer egin dezaketen gure datuekin. (Ai, 2009! Non geratu dira erreportajean aipatzen diren Myspace, Tuenti eta Messenger!).
Albiste faltsuak eta Cambridge Analytica
Ganorabakotasun horretan eman ditut urteak eta urteak. Badakizue: azkenean, Facebookek aukera ematen dizu kontaktua mantentzeko bestela galdu samar daukazun jendearekin, eta bueno, neurri batean dibertigarria ere bada. Alabaina, sasoi batetik hona, gero eta gehiagotan suertatu zait albiste faltsuekin aurrez aurre topo egitea. Eta ‘ziberxextrak’ ere izatea, albiste faltsu horiek albiste faltsuak zirela esateagatik: ez dakit nongo alkateak debekatu du herriko ikastetxeetan etorkin musulmanentzako otordu bereziak prestatzea, inguruan oso ezaguna den eskale hau (argazki eta guzti) pederasta da eta kontuz ibili inguruan ikusten baduzue, mezu hau itsasten baduzu zure horman ez dakit zer multinazionalek fase terminalean dagoen haur gaixo baten tratamendua ordainduko du, mezu hau X aldiz publikatuz gero Ikurriñaren emotikonoa sortuko dute, ikusi katalan independentista maltzurrek zer egiten duten umeekin…
Eta bueno, albiste faltsuen kontu horretan, gailurra izan da Cambridge Analyticaren auzia. Facebook publikoki albiste faltsuen aurka jo ta su diharduela esan eta esan dabilela, hara non jakin dugun ‘ezustean filtratutako’ datu multzo izugarri bati esker, Cambridge Analytica enpresak albiste faltsuen ‘oldeak’ erabili dituela jendearen boto intentzioan eragiteko.
Facebookek esan du datu horiekin gertatutakoa istripua izan dela. Datu horiek Facebookek nahi eta jakin gabe eskuratu dituela beste enpresak. Baina zer nahi duzue esatea: nik ez diet sinisten. Azken finean, Facebooken negozioaren oinarria bideratutako publizitatea da. Bere erabiltzaile basea bezeroaren interesen araberako xede taldeetan sailkatu, eta xede talde horientzako kustomizatutako publizitatea helaraztea. Eta ikuspegi horretatik, jende jakin baten boto intentzioa eraldatzeko kanpaina bat, beste edozein publizitate kanpaina segmentaturen parekoa da. SAREAN.EUS atarian saiatu nintzen hori guztia azaltzen (baina inpresioa dut ez zaitzaidala oso argi irten…).
Jarraian azalduko dizuedanez, aurreko asteotan banituen pixkanaka-pixkanaka hazten ari ziren bestelako errezelo batzuk Facebookekiko. Baina datuen ‘filtrazioaren’ kontu honek eman zidan azkenengo bultzadatxoa. Azken finean, betidanik halako beldur edo erreparo lauso edo abstraktua zena (“auskalo zer egin dezaketen multinazionalek gure datuekin”) adibide argi eta garbi batean hezurmamitu zen: gure jarrera politikoa zein den kalkulatu, eta haren arabera, estilo bateko ala beste bateko mezuak helarazi, jarrera hori eraldatzen saiatzeko.
Kitto, horrek berez, nahiko desorekatu zuen Facebookekiko errezeloen eta hura erabiltzearen alde dibertigarriaren arteko balantza, kontua ezabatzeko erabakia hartzeraino. Baina ez zen izan arrazoi bakarra, e? Aurreko asteotan buruan neuzkan beste kezka batzuek ere lagundu zuten horretan.
Zer daki Facebookek zutaz
Zuckerbergek Estatu Batuetako Senatuan eta Kongresuan egindako agerraldietan, esan zuen erabiltzaileok libreki ematen diogula informazioa Facebooki, eta emandako informazio hori, gainera, edozein unetan ezabatu edo aldatu dezakegula.
Bueno, hori ez da gezurra. Baina egia osoa ere ez. Erabiltzaileok era kontziente eta aktiboan ematen ditugun datuak badira bai: generoa, adina, bizitokia, jaioterria, lantokia, egoera ‘sentimentala’, ikastokiak… eta bai, informazio hori profiletik ezabatu, gehitu eta editatu daiteke. Baina badira gutxienez beste bi datu multzo, nahita ematen ez ditugunak -ez era aktibo eta kontzientean behintzat- Facebookek gorde eta norberak ezin kontrola ditzakeenak.
1. Telefonoko aplikazioaren bidez bildutako datuak
Sakelakoaren bateria agortzeaz gain, Facebook aplikazioa gure informazio pertsonalaz elikatzen den fondorik gabeko piztia da. Tartetxo bat duzuenean, egin aproba: ordenagailutik, joan Facebookeko ezarpenetara eta jaitsi zuen datuen kopia.
Hortxe lehen ezustekoa, eta sustoa… Norberak nahita emandako informazioarekin batera, txukun-txukun ordenatuta, aplikazioak telefonotik zuzenean hartutako datu bilduma ederra:
- kontaktuen zerrenda telefono eta guzti -Facebook erabiltzaileak izan zein ez-
- sakelakoan instalatutako aplikazioen zerrenda
- Facebook bidez izandako txaten transkripzio osoak…
- saio hasiera guztien historiala: nondik, zer makina klasetik, ze nabigatzailerekin, noiz…
Informazio hori EZ DAGO IKUSGARRI Facebooken interfaze arruntean, eta ez da egia, Zuckerbergek dioen bezala, erabiltzaileek edozein unetan ikusi, editatu edo ezabatu dezaketenik. Are gehiago: nire zalantzak ditut datuak babesteko legea betetzen ote duten.
2. Zure datu eta portaeratik kalkulatutako informazioa
Baina bada oraindik beldurgarriagoa den datu multzo bat. Azken finean, orain arteko informazio guztia norberak emandakoa da, nahita ala nahi gabe. Beste datu batzuk, ordea, Facebookek kalkulatu egin ditzake, erabiltzaileok zerbitzua erabiltzen dugunean izaten dugun jokaeraren arabera. (Bueno, eta zerbitzua erabiltzen ez dugunean ere. Teknikoki frogatuta dago Facebookek erabiltzaileen jarraipena egiten duela, jakiteko zer webgune bisitatzen dituen sare sozialetik kanpo daudenean ere).
Hau da: formulak eta algoritmoak erabiliz, Facebookek erraz kalkula dezake zein den zure joera politikoa, erlijiosoa, sexuala, zure musika gustuak, zelako arropa duzun gustuko eta zelakoa ez… Jakin nahi baduzu zer nolako informazioa inferitu dezakeen Facebookek bere webgunea nola erabiltzen duzun bakarrik aztertuta, gomendatzen dizut dataselfie izeneko plugina instalatzea. Chromen eta Firefoxen funtzionatzen du, eta horixe egiten du: zeure buruaren ‘selfie’ bat, datuetan oinarritutakoa, soilik Facebooken pasatzen duzun denboran zer egiten duzun aztertuta:
Beldurgarria da benetan, kalkulu edo algoritmo horien bidez zenbat eta nolako informazioa lortu litekeen. Bideoan bertan ikus dezakezue, softwarea instalatu nahi ez baduzue: joera erlijiosoa, politikoa, elikatze edo kontsumo estiloa, janzteko gustuak… eta hori guztia, Facebookek tripetatik, etxe barrutik, atzi dezakeen informazio guztia eskuratu gabe (Dataselfie hau proiektu independentea da ta)…
Eta tira, gaurkoz nekatu naiz idazten, Gutxi gorabehera, horiexek dira Facebooketik irtetera bultzatu nauten arrazoi puntual nagusiak. Zer iruditzen? Konpartitzen dituzu? Besteren bat gehituko zenuke? Esajerazio hutsa dira?
Kontatu, kontatu, entzuteko (bueno, irakurtzeko!) irrikatan nago!