Gailu eta aplikazio guztiak unero internetera konektatua dauden garai hauetan, egileek oso erraz atzeman dezakete erabiltzaileen artean zenbatek erabiltzen duten hizkuntza bakoitza… eta noski, erabilera horren arabera erabaki hizkuntza jakin bateko itzulpenekin jarraitu ala ez.Adibidez: fijatu zarete Googlek azken hileotan atzera egin duela euskaraz erabiltzen duen zerbitzu kopuruan? Ni bai.
Horregatik, asko poztu naiz jakin dudanean PuntuEus Fundazioko lagunek modua topatu dutela datu-base erraldoi bat sortzeko, euskaraz jar daitezkeen Android gailuekin (eta jarri ezin daitezkeenekin ere bai, noski!). Lehen Hitza aplikazioaren bidez egin dute hori. Aplikazio sinplea da, Android gailuetarako: zure gailua euskaraz jar daitekeen ala ez atzematen du, eta nahi izanez gero, botoi bati sakatuta euskaraz jartzen dizu sistema.
Baina horrez gain, aplikazioak gorde egiten du zure gailuaren marka, modeloa eta euskaraz jar daitekeen ala ez, eta Lehen Hitza Euskaraz kanpainaren webguneko datu base batera bidaltzen du. Horrela, hurrengo telefonoa erosi aurretik, han kontsulta dezakezu euskaraz erabiltzeko aukera ematen ote duen. Eta horren arabera erabaki erosi ala ez!
Eta iOS gailuetarako, ez?
Ez, Applek ez du aukerarik ematen ez bere ordenagailu, ez bere eskuko gailuak ere euskaraz erabiltzeko. Bueno: Mac ordenagailuetan, ‘euskara’ aukeratu daiteke sistemako hizkuntza gisa. Baina ez dago itzulpenik, eta beraz, sistema berdin-berdin agertuko zaizu erdaraz.
Are gehiago: herriko zaharrenok gogoratuko duzuenez, bere sistemak euskaraz erabiltzea era proaktiboan ere galarazi izan du Applek: 2003 bukaeran boluntario talde batek auzolanean egin eta zabaldutako Mac OS Xsistemaren euskaraketa banatzea debekatuz.
Deskargatu aplikazioa!
Baina tira! Android erabiltzen baduzu, behintzat, deskargatu Lehen Hitza aplikazioa eta egiaztatu zure gailua euskaraz jarri ote daitekeen! Edo kontsultatu hemen zer marka eta modelo diren euskaraz jar daitezkeenak.