Imanol Oruemazaga Basetaren eragina Ondarroan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Mari Zulaika 2017ko uzt. 11a, 09:31

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Heriotzaren ondoren Imanolek ez zuela nahi eskelarik, ez ospakizunik, aitortu zidaten bere senideek gorpua agurtzerakoan. Barkatu bezait Imanolek, baina ezin dut isilik jarrai. Nire estimua eta gorazarrea azaldu nahi dizkiot. Txomin Agirre idazleak Garoa-ko Joannes artzainagatik diona parafraseatu nahi dut: "Hura, gizona, hura!". 

Ondarroa hain bukolikoa, ez izaeran, alderdi politikoen astinduaz, Imanol ere ezin izan denen gustukoa. Liskar batzuk denborak jan ditu eta ezker aldetik, behintzat, gehienok miresten dugu bere urratsa zintzo eta emankorra.

Eibarren abade langile genbiltzala, jakitean beste bat zela Ondarroan, beragana jo eta ezagutu genuen on Imanol 1968an. Pertsona lehiatsua, zolia, guztiz herrikoia, hurbila, parrokiko eginkizunak utzi gabe, portuko lantegi batean normaltasunez beharrean ziharduena. Aitzinago ere, Ariz auzoan jarduna zen behargin. Bitxia nondik zetorkion joera hori. Arrazoi berarekin joan ginen Periko Solabarria ezagutzera, langileriaren lider bilakatu zenean. Biek dute beren nortasunean mistiko kutsu bat, baina gizarteratzean, zein eraginkortasuna biona! Argi uzten dute abertzaletasunaz gainera, sozial arazoa ere bizi zutela erreboltari hauek. 1969ko urtarrileko salbuespenean, egun berean atxilotu zituzten biak. Ez zen kasualitatea. 45 abade atxilotu zituen Diktadurak azken hamarkadan. Eta, zenbat zibil? Ehunka, milaka…?

Parrokia lanetan, gazteekin txertatu zen Imanol, hamaika ekimeni arnas ematen, abestaldeak, gizarte-eskolak. Neska ala mutil, politikarako urduritasuna handia bizi zuten ondarrutarrek, Diktaduraren aurkako kontzientzia sutsua eta borrokarako prestutasuna; kultura mailan aseezinak. Ildo horretan asko bultzatu zituen Imanolek. Senaz kondairazalea eta gizartearen azterlari zorrotza, beti zuen luma eskuan gertakizunen lekuko. Denborarekin Historiazale taldea sortuko zuen. Honi pasa zion idazki mordoen altxorra.

Gau batez, elizgizonen itxitasuna eta ardura-eza salatzearren, emakumeak matxinatu egin ziren eliz barruan, kanpai hotsaz herria asaldatzeraino. Harrezkero, askok utzi zioten elizara joateari. Denborarekin Imanol ere bide bera hautatzera behartua izan zen. ETAren ekintzen ondorioz, errepresio ikaragarria nagusitu zen herrian, Guardia Zibilaren kuartela torturaren gotorleku demasa bilakaturik. Testuinguru honetan Imanolek ez zuen beste aldera begiratu eta arriskatzea erabaki zuen. 

Hainbat arloetan engaiatu zuen bere burua. Marinelen lan-bizitza zarpaila gainditu nahian, arrantzaleen artean kooperatiba bat sortzearen alde saiatu zen. Arrasateko buruzagiek, ordea, ez zuten estimatu egitasmo iraultzailea eta ametsa zapuztu zuten. Ezin ahaztuko sastada izan zuen Imanolek, aitortu zidanez. Udalera ere iritsi zen bi edo hirutan HBren zinegotzi lez. Orduan bezala, gaur ere ez da joko-zelai samurra Ondarroako Udala.

Herriko seme askok bezala, kartzelaren atzaparkada ere ezagutu zuen. Lehenez 1968an, Zamorako kartzela bete-betean zegoela. Bigarrenez, 1969ko negu gorrian, soilik lau preso zeudela. Etxean zeuzkan paper klandestinoengatik, tartean Kili-Kili umeen aldizkaritxoa, "propaganda ilegal" bizkarreratuz epaitu zuen TOPek, sei hilabeteko zigorra ezarriz. Hirugarrenez 1970ean zigorra betetzera, gose grebagatik hamar-hamabi urtetara zigorturiko bost lagun zeudelarik bertan. Hasiak zeuden Zamorako presoak ihes egiteko zuloa asmatzen.

Bandasko grebaren aldeko manifestazioan parte hartu zuen beste 80 abaderekin. Abadeen Gogortasun Taldean aritu zen, bere ekintzetan parte hartuz, esate baterako, Derioko itxialdian. Hau burutu zuten dozenaka abade a divinis zigorrarekin mehatxatu zituen gotzainak. Horrelako zerbait tokatu zitzaion gerora. Kamiñazpiko kristau taldearekin ari zela, gotzainak parrokiatik atera nahi izan zuen, baina Imanolek hierarkiarekin apurtu nahiago izan zuen, bere jendea laga baino. Euskaltzale amorratua, Zubi Zahar  Ikastolaren sortzailetakoa izanik, urtetan idazkari lanak bete zituen.

Idazle borrokatua, kuartel atarian tiroz eraildako Arriola gaztearen bizitza idatzia du, Historia Taldeak argitaratua. Baita ere sei bat kereila idatzi zituen herriko biktima ezagunenak Argentinar Kereilan sartuaz, hots, Arriola, Angel, Jhisa, Jose Mari Antxoantesana… Denak kutunak bazituen, ontzi-kapitain honen torturak bereiziki atsekabetu zuten, bera harrapatzeko torturatu baitzuen Hidalgok arrantzale xaloa. Kereila hauen aurretik, bere izena emana zuen, beste hamasei Zamorako preso ohiekin batera. Uhin gogorrenetara ohiturik, Imanolek ez zuen inoiz amore eman.

Azkenik, ezin ahaztu zein maitekiro zaindu zuen azkenera arte Mari bere emaztea, alzheimerraz gaixorik ere pasiatzera atera ohi zuenean. Detaile arrunta baina adierazgarria.  

Barka iezadazue txostenaren ausardia. Espero dut herritarrek osatuko dutela Imanolen figura sakon eta aberatsa, merezi bezala.

 

Juan Mari Zulaika, Zamorako preso ohia