Ekintza horien ondorioz gertatu ziren Primo de Riveraren (1923) eta Francisco Francoren (1936) diktatura biak. Lehenengoak eraso zuen, euskal, galiziar eta kataluniar alderdi independistek urte berean Bartzelonan sinatu zuten 'akordio hirukoitza'. Orduan ere, euskal abertzaleek bitan erdibituak zeuden, Aberri eta Komunioa kideak. Bigarren diktadurak gudaz deuseztatu zituen autonomia biak, Generalitatekoa eta Euskadikoa, hau 1937an lortua euskal gudalostearen defentsa-lanagatik nazionalen kontra. Francorena bai izan zela benetako errebolta, hiru urtetako guda piztuaz, hiri babesgabeak bonbardatuz, soldadu ala zibilak ehun milatik gora fusilatuz, erregimen konstituzionalak mantentzen dion inpunitateari esker oraindik epaitu gabe jarraitzen duelarik.
Dituen kointzidentziengatik iruzkina merezi du Luis Companysen kasuak, Generalitatearen buru izana eta 1940an Montjuicen Francok eraila. Lehenago, 1934an Estatu Katalana aldarrikatzeagatik atxilotua izan zen hartakoxe portura ekarritako 'Piolin' ontzi batean. Gutxira, Gorteek Autonomi Estatutua eten zuten, eta Companys eta kontseilariak epaituak izan ziren errebelio edo matxinada karguaz, 30 urteko kartzela eta inhabilitazioarekin zigortuaz. Zorte hobea izan zuen bere lagun Francesc Maciak, 1926an Frantzian preso jausi eta Bruselako babesa jaso zuelarik, 1931n Kataluniara itzuli arte, non sortu zituen, Companys lagun zuela, ERC alderdia eta Errepublika.
Orain urte gutxi, 'Trantsizioa' delakoan, 2004-2006 urte bitartean, ganorazko bi saio egin ziren autonomia erkidego bien Estatutuak eguneratzeko, Ibarretxeren plana eta Pascual Maragallena. Biak izan ziren Legebiltzar autonomoetan onartuak, Kataluniaren kasuan Gorte espainiarrek ere bai. Baina alderdi nagusiek, PP eta PSOEk, galarazi egin zituzten, historiaren lekuko zakarrontzira botaz.
Legebiltzarreko gehiengoa aprobetxatuz, subiranistek independentziarako adostu zuten erreferendum egitasmoak miresturik laga bagintuen, batere ez gaitu harritu Estatuaren errepresioaren gorakadak, urriaren 1eko okupazio indarren karga basatiak, Jordi bien atxiloketak eta, gainera, Senatuak 155. artikulua ezarri izana, Estatuak ahal duen makinaria judizial, penal eta errepresiboa subiranisten gain jaurtiaz: Gobernua eta Parlamenteko Mahaia ezabatuz, errebolta, sedizioa eta diru-erabileraren karguekin 20 ordezkari 15 eta 20 urte bitarteko zigorrekin auziperatuaz, Mossoen burua aldatuz eta milioikako izun, enbargo, jornalen ukapen, kargugabetze eta abarrekin mehatxatuz… Zertarako hori dena? Beldurra eragiteko, inposatuko hauteskunde autonomikoak euren komenentziara gerta daitezen. Eszenatoki honetan, ez da harritzekoa Carles Puigdemont eta kontseilariek babes bila Belgikara alde-egitea. Jokoa ona izan da, arazoa nazioarteko eszenatokira altxa baitu.
Jakina denez, Euskal Herriak oraintsu arte jasan ditu antzeko salbuespen legeak epaitegi morroien eskuetatik: egunkariak itxi, alderdiak legez kanporatu, makina bat tortura, kautelazko atxiloketa eta izun. Ez da harritzekoa Lamela epailearen jokaera kereilak asmatuaz kataluniarrentzat, jakinda zelan epaitu dituen Altsasuko gazteak, terroristatzat alajaina. Argi dugu gure artean nagusi dela oraindik 1978an Amnistia Legeak Frankismoari eta ondareari, hau da, monarkiari, estruktura judizial eta indarrekoei eskaini zien inpunitatea. Atera ditzala irakurleak bere konklusioak Espainiako demokraziari eta legitimitateari buruz. Esan ohi da: “Dena lotuta gelditu zen, ondo lotua gelditu ere”. Militarren ordez, gaur epaileek dihardute lan eta agindu, fusilen ordez togek, eta Konstituzioaren ordez, -behar bada kontra-, 155. artikulua.
Esan bezala, mires-txunditu gaitu erreferendumaren egitasmoak eta bere ondorio izan den Independentziaren Aldebakarreko Aitorpenak (DUI). Berdin txalogarriak, Governak eta Parlamentak azkenera arte erakutsi duten batasuna, gorabeheren gainetiko iraunkortasuna, poliziek gainditzeko jendearen antolamendua, erasoen kontrako diskurtso malgua, eta abar. Aitortu beharrekoa da epe laburrean errepublika eraiki, eta urrats sendoa, itzul-ezina, eman duzuela, aldebiko negoziaketen nahasita dabiltzanei koloreak aterazteraino. 78ko erregimena eta gezurrak sastatu dituzue; Konstituzioaren zimendu 'jainkotiarrak' hautsi, 155. artikulua, Konstituzioaren zulo beltza, ateratzera behartuaz. “A por ellos” beste argudiorik ez zaie gelditzen. Abenduko hauteskundetara, -nahi eta ez, plebiszitarioak izanik-, zerrenda batekin ez bada ere, elkarrekin helburu berdinekin bazoazte, erreferendumaren ondorioak, subirotasunaren aldarria (DUI) indartuko duzue denontzako.
Zorionak eta eskerrak, Katalunia!!!