Bai, Franko ohean hil zen, baina exekuzioak sinatuz. Oso urte gogorrak izan ziren. Ez da erreza esatea zein izan zen gogorrena, 1965tik 1978ra bitartean. Gazteriak kemen izugarriaz eutsi zion, tortura eta kartzela jasanaz. Borroka garrantzitsuak izan ziren, Bandasko greba-aldia, aparteko Aberri Egun eta Maiatzeko 1nak, gose-grebak eta abar. Pizti zauritua lez erantzuten zuen Erregimenak, errepresio ankerrenaz: salbuespen-aldiak, epai sumarisimoak, Burgoskoa halaber, exekuzioak, tortura sistematikoa, kartzelek gainezka eta Martxoaren 3an eta Amnistiaren 2gn Asteko hainbat hilketa tamalgarriak.
Euskal apaizgoak ez zuen okasioa galdu, ekintza franko burutuaz, hots, Derioko Apaiztegia okupatuz, 1969ko maiatzean bost lagunen gose-greba Gotzaindegian. Altxamenduan lez, euskal apaizgoak berriro bereganatu zuen Franco Diktadorearen gorrotoa, zeinek 1968an arauen gainetik Zamora Konkordatu Espetxea ireki zuen, kasu bakarra munduan. Nahiko errepresio eta erbestea jasan zituen euskal gaztediarekin batera.
Tortura eta kartzela eguneroko ogia ziren. Soilik apaizgoan hogei testigantza ba ditugu “Abadeak ere Torturatuak” liburuan, Pixka bat arakatuz gero, kopurua hirukoiztu liteke. Epai-mahiek ere ez ziren xamurragoak. Zamorako 53 presoetatik, 21ek Epai Sumarisimoak jasan zituen, Burgoskoa esate baterako, eta 10ek Orden Publikoarenak. Gose-greba 12 eta 10 urtez kastigatu zuten, horri klandestino bat 10 urtez, ETA kidea izatea 50 urtez. Edozein izan motiboa, ´rebelion militar¨ leporatzen zizuen, gaur egun katalandar independentistei bezala edo ´terrorismoa´ Altsasuko gazteei.
Hain gorroto zuen Konkordatuaren menpe, Diktadura eta Elizaren arteko biktimak izan ziren apartheid higuingarrian. Era guztietara borrokatu zuten. Preso politiko zibilekin batzea zuten xede. Ihesten ere ahalegindu ziren, bizia jokatuz. 1973an sei lagun baino ez zirela, su eman zioten, hilabetetako ziega bizkarreratuz. 1975an atera zituen handik Estatuak. Gaur egun Zamorako Konkordatu Kartzela hondamenean dago, baina Alemania nazi eta Italia faxistaren arabera Frankok Vatikanoaz sinatutako Konkordatua tinko darrai Elizaren pribilegioak zainduaz, batez ere fiskalitatea eta heziketaren eremutan, inmatrikulazioen lapurretan blai, lege progresista denak, abortua ala eutanasia, boikotatuz.
Frankismoaren krimenen inpunitatea desegitearren, hogei abade errepresaliatuek Argentinar Kereila sinatua dute, beste ehunka biktimekin batera. Baina 1978ko Amnistia Legeak Justizia Unibertsalaren aldeko ekimen guziak oztopatzen ari da eta garaiko arduradunak errugabetzen. Adibidez, Manuel Fraga eta Martin Villa politikariak, estruktura militarra eta aparatu judiziala ere onik irten eta onik jarraitzen dute. Berrogei urte igarota, alderdi ´emergenteen´ sarrerarekin bipartidismoaren amaiera espero zitekeenean, ´trifatxito´ eskuindarra altxatu zaigu erdi-aroko errekonkistaz mehatxatuz.
Tinko jarraitzen dute frankismoaren hiru zutabeek, hots, Amnistiaren Legea, Monarkia eta Konkordatua,hirurak Konstituzioaren aurrekoak, baina Konstituzioarekin bat egiten dutenak.Testamentu Zaharreko Lege Taulak bezain sakratuak, denen gainetik Espainiako Unitatea defenditzeko dira, Ejertzitoa eta 155 Legearen bidez. Horren bitartean, Alderdi Sozialista, Gobernuaz jabetzear, hitzetik hortzera elkarrizketa aldarrikatzen ari zaigu, naiz eta aldi berean Konstituzioa ukitu-ezinekotzat eman. Ze elkarrizketa itxaron daiteke, Kataluniako hautetsiak kolpistatzat atxilotzen dituenengandik?
Horregatik, erresistentziaren oroimenaz, frankismoaren oinordeko denak salatzen jarraituko dugu. Planteatu ohi duten Konstituzioak ezinezkoa egiten du Espainian edozein aurrerakuntza, gure demokraziaren ustela agerian utziz. Eguneko erakunde judizialek ez dute Ejertzitoaren beharrik sistemaren aldaketa txikiena eragozteko. Legalitatea demokraziaren gainetik ezarrita daukate. Beraz, orduan asaldatu ginenok, nola ez gaur!
Juan Mari Zulaika, Zamorako preso ohia