Mezuan zioen, abioia lur hartzeko maniobretan zebilelarik, ordura arte eskola garaiko Geografia liburuetatik baino ezagutzen ez zuen kosta portugaldarra zekusala leihatilaren bestaldean. “Eta, joder, bi zubi”. Argiaren hirira beharrean haizearenera heltzear zela uste izan omen zuen, makinaren astinduak zirela medio.
“Baziren ferryak Alfaman; estatuak zein monumentuak zein azulejuak InstaStoriesetan; txupito bat ginja gehi imana; hogeita zortzigarren tranbia; fado prostituituak; hitzorduak Praça do Comércion, Praça dos Restauradoresen, Casa dos Bicosen eta abarretan; Cascaiserako eta Sintrarako tren bana; pastéis de nata, não pastéis de Belém; eta euria: itzulera egunean, euria”.
Mezuan ere bazioen bera zela ferrya Alfaman; estatua zein monumentua zein azulejua InstaStoriesetan; txupito bat ginja gehi imana; hogeita zortzigarren tranbia; fado prostituitua; hitzordua Praça do Comércion, Praça dos Restauradoresen, Casa dos Bicosen eta abarretan; Cascaiserako trena, baita Sintrarakoa ere; pastéis de nata, não pastéis de Belém; eta euria itzulera egunean.
“Hori guztia nintzen, adiskide, hori guztia; eta Lisboa, haizea besterik ez”. Eta, halere, itzultzekotan da.